Tolosaldeko Laneko Autodefentsa Sareak atzo jakinarazi zuen lan-gatazka bat irabazi duela Zizurkilen (Gipuzkoa). Pasus tabernan sortu zen gatazka: tabernako nagusiak gutxienez bi langileren eskubideak urratu zituen, esaterako oporraldiei, kontratuari nahiz bajari loturikoak, eta dirua zor zien.
Langileetako baten kasuan, urtebetez egin zuen lan Pasusen, baina ez zuen oporraldirik izan eta, gainera, nagusiak ez zizkion lanean egindako ordu horiek guztiak ordaindu. Bigarren langilea hiru astez aritu zen Zizurkilgo taberna horretan, inolako lan-kontraturik gabe, nahiz eta hainbatetan eskatu zion langileak kontratu bat egiteko. Hiru aste igaro zirenean istripu bat izan zuen beharginak, baina kontraturik ez zeukanez, ez zuen baja hartzeko eskubiderik izan. Hori gutxi balitz, lanean igarotako hiru asteak ez zizkion ordaindu Pasusek.
"Babesgabe geunden, eta Tolosaldeko Laneko Autodefentsa Sarearekin komunikatu ginen [tabernan] zor ziguten dirua lortzeko", azaldu du langileetako batek. Orduan ekin zioten borrokari bi beharginek eta Laneko Autodefentsa Sareak, tabernari exijitzeko langileei zor zien dirua ordain ziezaiela.
"Prozesua luzea izan da, baina, antolakuntzari esker, gaur egun esan dezakegu [nagusiak] zor zigun diru guztia ordaindu digula", esan du berriki langileetako batek.
"Ez da kasu isolatu bat"
"Baina, zoritxarrez, hau ez da kasu isolatu bat, askotan izaten dira halako gehiegikeriak", ohartarazi du Laneko Autodefentsa Sareko kide batek. "Horren aurrean, langileok klase elkartasunez antolatu beharra daukagu, bakarrik ezin duguna, kolektiboki posible bilakatuz", aldarrikatu du: "Langileon autodefentsa sozialistak bakarrik bermatuko du laneko gehiegikeria horiekin amaitzea, errealitateak erakusten baitigu, antolakuntzarik gabe, gure eskubideak paperean idatzitako hitzak baino ez direla".
"Gure kasuak erakusten du, antolakuntzaz eta elkartasunez, posible dela gatazkak gainditzea", gaineratu du beharginetako batek: "Horregatik, gure egoeran dauden langile guztiak animatzen ditugu nagusien gehiegikerien kontra salaketak egitera".
đź”´ Zizurkilgo taberna batean lan gatazka bat irabazi dugu.
— Kontseilu Sozialista Tolosaldea (@Kontseilua_Tol) May 21, 2023
Zizurkilgo Pasus tabernako nagusiak bertako bi langile ohiri dirua zor zien. Antolakuntza eta elkartasunari esker, bi langileei zor zien diru guztia ordaintzea lortu dugu. pic.twitter.com/Zgl59ttQxO