AKTUALITATEA / Espetxea
Zazpi pertsona hil dira EAEko espetxeetan, Jaurlaritzak horien eskumena duenetik
Aurreko astean jakinarazi zuten beste preso bat hil dela Basaurin, antza denez, bere buruaz beste eginda. Zaballan bertan, antzeko egoeran hil zen beste preso bat joan den azaroan. EAEko kartzeletan preso dauden pertsonen artean, buruko gaitzak dituzte hirutik bik.
2024eko uztailaren 11
Zazpi pertsona hil dira EAEko espetxeetan, Jaurlaritzak horien eskumena duenetik
— ARGAZKIA Eusko Jaurlaritza

Basaurin (Bizkaia) preso zegoen pertsona bat hilik aurkitu zuten aurreko ostegunean, uztailaren 4an. Arabako Salhaketak jakinarazi duenez, eta oraindik autopsiaren emaitzen berri izan gabe, badirudi bere buruaz beste egin zuela presoak.

Azken heriotza horrekin, guztira, gutxienez zazpi izango lirateke 2021eko urritik hona EAEko kartzeletan bizia galdu duten pertsona presoak; alegia, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuenetik espetxe-eskumena. Une honetan, Jaurlaritzaren eskumenekoak dira, hain zuzen ere, Basauriko, Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) kartzelak.

Arabako Osasun Mentaleko Sareak joan den maiatzean ohartarazi zuen presoek osasun mentalari dagokionez pairatzen duten egoera larriaz: EAEko espetxeetan preso dauden pertsonen artean, hirutik bik daukate buruko gaixotasunen bat. Zentzu horretan, Basauriko kartzelan izan den azken heriotza dela-eta, auzi hori atera du mahaira berriz Salhaketak, eta zalantzan jarri du, esaterako, suizidioen kontrako protokoloen ezarpen eta eraginkortasun erreala.

Izan ere, gogorarazi du 2023ko azaroan antzeko egoeran hil zela beste preso bat Zaballan. Bakarrik omen zegoen zeldan, eta Salhaketak argi esan du: "Itxura guztien arabera, ez zitzaion ari aplikatzen espetxeetan suizidioak prebenitzeko programa". "Pertsona horrek, aurreko egunetan, adierazi zuen ez zegoela ondo, eta tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari zen", oroitarazi du.