Bilbon, Donostian, Gasteizen, Getxon, Iruñean, Tuteran eta beste zenbait herritan mobilizazioak antolatu ditu gaurko eskuin muturrak. Izan ere, Ceutako egoera probesten eta "Espainia defendatzera" deitzen ari dira estatu osoan, pertsona etorkinen kontrako mezu arrazistak hedatzeko. Gaurko, irailaren 2rako, mobilizazio-deialdi ugari egin dituzte ultraeskuineko alderdiek eta talde faxistek, tartean, Hego Euskal Herrian.
20:00etarako ipini dute hitzordua faxistek, tokian tokiko udaletxeen aurrean kasu gehienetan. Iruñean, "Herriaren Mugimendu Zibikoak" (MCP) eta Vox eta UPN alderdiek deitu dute mobilizatzera; Bilbon ere Vox ari da udaletxe aurrean elkarretaratzeko deia zabaltzen; Donostian, PPk eta Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) kanalak egin dute deialdia, elkarren eskutik beste behin ere; eta Gasteizen, berriz, PP alderdia da buru mobilizazio-deialdi arrazistan. Arabako hiriburuaren kasuan, dena den, Andre Mari Zuriaren Plazan bilduko dira etorkinen "inbasioa" gaitzesteko.
Hori ikusita, kontramobilizazioak ere antolatu dituzte Hego Euskal Herrian, faxismoari eta arrazismoari ezetz esateko eta jendarteari "etsaiz ez nahastera" deitzeko. Udaletxe-plazetatik gertu izango dira protesta antifaxistak: Areatzan Bilbokoa, Bulebarrean Donostiakoa eta San Frantzisko plazan Iruñekoa. Gasteizko mobilizazio antiarrazista, berriz, Plaza Berrian izango da, udaletxearen parean.