AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/12 13:10

Berri onak Iruñean (Nafarroa): Vidaurre Groupek (VG) uko egin dio Mercaderes kaleko 18. zenbakian pisu turistikoak egiteari, bizilagunek eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egindako presioari eta borrokari esker. Garaipenak "etxebizitzarako eskubide unibertsalaren aldeko borroka hauspotzeko" balio behar duela azpimarratu du sindikatuak, eta lanean segituko du "auzoak eta etxebizitzak langile-klasearen eskuetan egon daitezen, eta ez haiekin negozioa egiten dutenen eskuetan".

Mercaderesko 18. zenbakian alokairuan bizi diren auzokideek iazko azaroan eman zuten egoeraren berri: alokairu-kontratuak oraindik indarrean egon arren, etxe horien jabetza legala duen Vidaurre Group konpainia presioa egiten ari zitzaien maizterrei, euren etxeak utz zitzaten. Izan ere, blokean 11 pisu turistiko egiteko asmoa zuen enpresak, eta horretarako lizentzia ere lortu zuen udalean. Jasandako presioaren eta jazarpenaren eraginez (ur bero falta eta obra etengabeak kasu), euren etxeak utzi zituzten bizilagunetako batzuek, baina tinko eutsi zioten beste batzuek: turismoaren negozioa salatu eta borrokara jo zuten Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik. Abenduan egindako manifestazioa izan zen horren erakusle.

Hilabete hauetan guztietan egindako lanaren ostean, urtarrilaren bukaeran, gutun bat bidali zuen VGko presidente Fernando Vidaurrek: hala jakinarazi zuen uko egin diola blokean pisu turistikoak egiteari, eta etxebizitza horiek saltzea erabaki duela. Gaur egindako agerraldian, sindikatuak azpimarratu du "garaipen" bat dela "Vidaurre Group enpresa milioidunak atzera egin izana", eta "auzokideen borroka antolatuari eta auzoko eragile eta bizilagunen elkartasunari esker" izan dela posible hori. Lorpena "mugarritzat" jo du, "Vidaurrek eta gainerako espekulatzaileek ikus dezaten ezingo dutela inpunitatez aritu".

Lizentziak bertan behera uzteko aukera

Alde Zaharrean 225 pisu turistiko daude gutxienez, baita hamaika hotel, hostel eta aterpetxe ere. Horiek horrela, Mercaderesen gertatutakoaren ondoren, sindikatuak nabarmendu du 18. zenbakian pisu turistikoak egiteko lizentzia bertan behera uzteko aukera duela orain udalak. 

Sindikatuko kideek gogora ekarri dutenez, Iruñeko Udalak 2024ko irailean erabaki zuen, aldi baterako, ez ematea lizentzia turistiko gehiago Alde Zaharrerako. 2025eko urtarrilean sartu zen indarrean behin-behineko neurri hori. "Vidaurre Groupek 2024ko udan eskatu zituen pisu horientzako lizentzia turistikoak", azaldu dute: "Hasieran, ezezkoa eman zion udalak eskaera hari, baina promotorearen errekurtso bat tarteko, azkenean baiezkoa eman zioten". Eta gaineratu dute: "Mercaderes 18koak ez ezik, Eslava kaleko 13. zenbakikoak eta Tejeria kaleko 10. zenbakikoak ere horrela eman zituzten".

Iruñerriko kideen esanetan, borroka egingo dute "lizentzia turistikoak behin betiko bertan behera uzteko"; "garaipen honen emaitza behin betikoa izan dadin, eta aurrerapauso kualitatibo bat izan dadin Alde Zaharrean negozio turistikoari aurre egiteko urteetako borrokan".

EZ DAGO IRUZKINIK