AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Urtarrilaren 29ko mobilizazioak aurkezteko agerraldia, iazko abenduan.
2022/01/18 16:49

Bi aste baino gutxiago geratzen dira Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako manifestazioetarako. Urtarrilaren 29an, hain justu, Iruñean (Nafarroa) eta Bilbon (Bizkaia) izango dira mobilizazioak, Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatu aldarri hartuta. Dagoeneko zehaztu dute zer ordutan eta nondik hasiko diren manifestazioak: 18:00etan izango dira biak, Sarasate pasealekutik abiatuta Iruñean, eta Jesusen Bihotza plazatik hasita Bilbon.

GKSko hainbat kidek abenduaren 12an egin zuten agerraldi bat mobilizazio deialdien berri emateko. Orduan azaldu zutenez, "pobreziaren gorakada eta eskubideen ezabapenak normalizatzen ari diren garai honetan, komunikabide nagusiek eta alderdi politikoek COVID-19a bihurtu dute etsai nagusi". "Gure ustez, horren guztiaren atzean burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa ezkutatzen da", salatu zuten.

Hala, gazteen bizi ereduen pobretzea nahiz neurri totalitarioen normalizazioa jarriko dituzte jopuntuan hurrengo asteko manifestazioetan, eta "bankarien, enpresari handien eta politikari profesionalen mundu honi", hain zuzen, "proletalgoaren antolakuntza independentearen bitartez" aurre egitera deituko dute berriz.

Lanketa tokian toki

Manifestazioen berri eman zenetik, eskualde ugaritan izan dira mobilizazioen nondik norakoak jendaurrean azaltzeko saioak, batzar irekiak nahiz bestelako dinamikak. GKSko lekuan lekuko taldeek, gainera, hamaika txokotan antolatu dituzte Bilboko nahiz Iruñeko manifestazioetara joateko autobusak. Eskualde edo hiriburu mailako taldeen sare sozialetan topa daiteke autobusen inguruko informazio guztia.

EZ DAGO IRUZKINIK