AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/24 14:43

Laster beteko da urtebete 2023ko urriaren 7tik. Egun horretan palestinar milizianoek kontraerasora jo zuten Gazatik gertu, eta, erantzun modura, dimentsio erraldoiko erasoaldi militar bati ekin zion Israelgo Estatuak. Ordutik hona, sionistek 41.000 palestinar baino gehiago erail dituzte Gazako Zerrendan (iturri batzuen arabera 200.000 hildako izan daitezke), eta ia 1.000 Zisjordanian. Desagerrarazitako, zauritutako, atxilotutako edota torturatutako palestinarrak zenbaezinak dira; ehunka milaka.

Urriaren 7aren urteurrenaren harira, mobilizatzera deitu du berriz Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Urriaren 5erako antolatu du manifestazio bat, Bilbon (Bizkaia) oraingoan ere: Palestinaren askatasuna eta bertako erresistentzia aldarrikatzeaz gain, Israelgo Estatu genozida eta Mendebaldeko bere konplizeak seinalatuko dituzte. Jesusen Bihotzetik irtengo da mobilizazioa, 12:00etan.

Erresistentziarako eskubidea

"Palestinar herria hamarkada luzetan zehar pairatzen ari den zapalkuntza, menderakuntza eta desagerpena aurrera doazela begi-bistan geratu da mundu osoan, baina, era berean, palestinar herria ez dela garaitua izan eta erresistentzian tinko dirauela ere agerian geratu da", esan du Palestinarekin Elkartasunak, urriaren 7aren atarian.

Sionistak palestinarren kontra egiten ari direna "zuzenean emitituriko sarraski bat" izaten ari dela salatu dute, eta Israelgo Estatua hamaika ekintza kriminal egiten ari den bitartean, "palestinar erresistentzia terrorista gisa aurkeztu" dutela, sionisten "hilketa indiskriminatuak justifikatuz, edo bi aldeen bortizkeria parekatuz, kasurik onenean".

Plataformak, baina, nabarmendu du palestinar herria "desagerturik" egongo litzatekeela bertako erresistentziak "hamarkada hauetan aurrera eramandako borrokarik gabe": "Herri orok du erresistentziarako eskubidea, are gehiago hamarkadetan zehar kanporatua denean, jazarria denean, gosez hiltzera behartzen denean, eta Mendebalde inperialistaren interesak bermatzeko, era guztietako gobernuek, ezkerretik eskuinera, haien borreroa den Israelgo Estatuarekin harreman normalizatuak dituztenean".

Mendebaldearen babesa, ezinbestekoa sionista faxistentzat

"Genozidio hau ez litzateke posible izango Mendebaldeko gobernu inperialisten babes politiko, ekonomiko eta militarrik gabe", ohartarazi du Palestinarekin Elkartasunak. Zentzu horretan, Espainiako Estatuan, adibidez, "eskuineko alderdiek Israel eta bere ustezko defentsa-eskubidea zuzenean babesten" dituztela azaldu du; eta PSOE buru duen gobernuak, berriz, "estatu sionista armaz hornitzen jarraitzen" duela, aldi berean "Palestinaren aldeko mezu hutsalak" eman arren.

Frantziako Estatuaren kasuan, "entitate sionistari emandako babesaz gain, bereziki azpimarratzekoa da Palestinaren aldeko ekimen, mugimendu, adierazpen eta protestak erreprimitzeko izan duen jarrera", plataformaren esanetan.

Bi norabide dituen elkartasuna

"Ez dago erdibideko posiziorik", defendatu du berriz Palestinarekin Elkartasunak: "Zapalkuntzarik gabeko Palestina askea eraikitzeko, eta preso eta errefuxiatu palestinarren askatasuna eskuratzeko, ezinbestekoak dira Palestinaren deskolonizazioa eta estatu sionistaren desegitea. Palestinarren askatasuna eta proiektu sionista zeharo kontrajarriak dira, eta, hortaz, bata defendatzeak bestearen aurka egitea suposatzen du, bai ala bai".

Plataformak uste du Euskal Herritik "bi norabide" izan behar dituela Palestinarekiko "elkartasun eraginkor batek". Batetik, beharrezkotzat jo du "sionismoa eta bere konplizeak seinalatzea eta haiei aurre egitea, maila guztietan"; hala nola, "boikotaren bidez eta era guztietako harremanak moztea exijituz, izan harreman diplomatikoak zein komertzialak". Bestetik, iritzi dio ezinbestekoa dela "Palestinaren askatasunaren aldeko borrokak palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea aldarrikatzea"; eta, hala, "palestinar erresistentzia babestea, inolako ekidistantzairik gabe".

Sionisten azken eraso kriminalak

"Gatazkaren konponbidetik urrun, orain arteko norabideari jarraitu eta palestinarren zapalketan sakontzeko asmoa du estatu sionistak", Palestinarekin Elkartasunak gaitzetsi duenez. Horren isla modura ikusten du sionistek "Gazako Zerrendaren okupazio militarra mantentzeko asmoa adierazi" izana; "Zisjordania okupatuan operazio militarrak areagotu" izana, edota, orain, Libanon ere oldarraldi bortitz batera jo izana. "Sionistak ahalegina egiten ari dira genozidioa eskualdeko beste herrialdeetara hedatzeko", gaineratu du plataformak.

EZ DAGO IRUZKINIK