AKTUALITATEA / Palestina
Urriaren 2ko ikasle-greban, hemezortzi herritan mobilizatuko da IA
"Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko" deitu ditu ikasleak greba egitera.
2025eko irailaren 24
Urriaren 2ko ikasle-greban, hemezortzi herritan mobilizatuko da IA

"Israelen aurka eta palestinar erresistentziaren defentsan, urriaren 2an Euskal Herriko heziguneak hustu eta kaleak hartu behar ditugu", dio Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak. Ikasle-greba bat antolatu du datorren urriaren 2rako, "Israelgo estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko eta Israel boikotatzeko asmoz", eta Euskal Herriko hemezortzi herritan egingo ditu mobilizazioak.

Aurreratu duenez, ondoko herrietan izango dira IAren deialdiak: Altsasun (Nafarroa), Arrasaten (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Beasainen (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Eibarren (Gipuzkoa), Elgoibarren (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Gernikan (Bizkaia), Iruñean (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa), Ondarroan (Bizkaia), Oñatin (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa) eta Zarautzen (Gipuzkoa). Tokian tokiko taldeek emango dute deialdi zehatzen berri, euren sare sozialen bidez.