Azken asteetako tenperatura altuek eta euri faltak muturreko neurriak ekarri dituzte jada hainbat lekutan, eta Zuia (Araba) da horren erakusle: ur mozketak egiten ari dira, eskasiaren ondorioz. Gauez eteten du ur-hornidura Zuiako Udalak, 22:00etatik 08:00etara hain zuzen ere, eta udal-igerilekuetan dutxak irekitzea debekatu du. Igerilekuak betetzeko, ureztatzeko eta garbiketa-lanetarako ura erabiltzea ere debekatu egin du.
Udalak bere web-orrian adierazi du "behin-behinekoak" direla neurriok. Unai Gutierrez (EH Bildu) alkatearen arabera, "uraren eskasiak, kontsumo altuak, tenperatura altuek eta arazo hau konpontzeko egoera klimatologiko ez oso onek" sortu dute arazoa, eta ez du argitu ea noiz arte egongo diren indarrean murrizketak.
Gaur egun ia 2.500 biztanle ditu Zuiak, eta Araba iparraldean dago, Gorbeiaren magalean.