Venezuelan hil da Jesus Ricardo Txetxu Urteaga euskal deportatu politikoa, minbizi kroniko baten eraginez. Bilbon (Bizkaia) jaioa, urtebete ere ez zuela, Azkoitira (Gipuzkoa) mugitu zen haren familia. 1978. urtean, 20 urte zituela, klandestinitatean bizitzen hasi zen bere ibilbide militantea zela-eta. Urte batzuk erbestean eman ostean, Venezuelara deportatu zuten 1984. urtean.
Deportazioa datuetan
Txetxu Urteagarekin, hamabi euskal deportatu hil dira denera. Zortzi deportatu daude orain; bat Venezuelan, hiru Kuban eta lau Cabo Verden, euskal deportatu gehien dauden herrialdean.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deportazioa zigor ezezagunenetarikoa dela salatu du, kartzelan egon ez arren deportatuak "linbo legal" batean bizi baitira: "Urteak pasatuta ere, zigorra ez da inoiz bukatzen. Deportatuek bizimodu berri bat eraiki behar izan dute etxetik milaka kilometrora", diote.