Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) jaien atarian, beste mobilizazio bat izan da Iruñeko udaletxe aurrean, Txozna Gorrien defentsan. Izan ere, festak hasteko bezperan egon arren, EH Bilduk gobernatutako udalak mantendu egiten du Txozna Gorriei jarritako debekua: ez du baimenik eman aurten jaigune hori antolatzeko; izatez, erantzun ofizialik ere ez die eman egindako azken eskaerei. Beraz, arratsaldeko 19:30ean hasita, protesta bat izan da gaur udaletxe parean, Txantreako jaiak denontzat. Txozna Gorriak aurrera! lelopean.
"Hiru urte daramatzagu jaien parte aktibo izaten eta auzoko jaietan gure ekarpena egiten. Hala ere, udalak Txozna Gorriak debekatzea erabaki du", salatu dute berriz antolatzaileek: "Barcinaren debekuak gogora ekartzen dizkiguten debekuak dira horiek, oraingoan, Mugimendu Sozialistaren jaietako parte-hartzea mugatzea helburu dutenak". Horiek horrela, azaldu dute ezin zaiela "ezikusiarena egin debeku horren atzean dauden arrazoi politikoei eta aurrekari horrek ekar ditzakeen ondorio politikoei"; alegia, "jaietan espazio politiko bat desagerrarazten saiatzea, auzokideei militantziara sarbidea zailtzea edo langile-klasearen eskubide politikoen urratzea".
Horren aurka, asteak daramatzate Txantrean Txozna Gorrien aldeko aldarria zabaltzen, eta horren erakusle izan dira apirilaren 12an ehunka lagunek egindako manifestazioa edo aurrez egoera salatzeko egindako agerraldi jendetsua. EH Bildu buru duen udalak, ordea, debekuari eusten dio momentuz.
Horren kontra, jaigunearen antolatzaileek funtsezkotzat jo dute "indarrak batzea eta Txozna Gorrien alde borrokatzea". Dei egin dute, hortaz, bai bihar eguerdian Euskara Plazan izango dituzten muntaketa-lanetara bertaratzera bai "azken hilabeteotan maitasun eta lan handiz prestatu dugun jaietako egitarauan parte hartzera". "Urtero bezala, Euskara Plazan ikusiko dugu elkar", gaineratu dute.