AKTUALITATEA / Gazte koordinadora sozialista
Tokian toki aurkezten ari dira GKSren apirileko jardunaldi nazionala
Berriozarren izango da GKSren hurrengo jardunaldi nazionala, apirilaren 9an. Bizi-eredu proletarioaz, gailentzen ari diren joera kulturalen ondorio politikoez eta komunismoaren erronkez jardungo dute, egun osoko egitarau baten bidez. Jardunaldia aurkezteko saioak ari dira egiten Euskal Herri osoan barrena.
2022eko martxoaren 30
Tokian toki aurkezten ari dira GKSren apirileko jardunaldi nazionala

Gazte Koordinadora Sozialistak jardunaldi nazional bat antolatu du datorren apirilaren 9rako. Berriozarren (Iruñerria, Nafarroa) elkartuko dira larunbat horretan eta, hainbat hitzaldiren bitartez, bizi-eredu proletarioaz, nagusitzen ari diren joera kulturalen ondorio politikoez nahiz komunismoaren erronkez arituko dira. Egun osoko egitaraua antolatu dute GKSko kideek, eta hitzaldiez gain, aisialdirako eskaintza ere prestatu dute.

Jardunaldi nazionalaren berri eman zenetik, toki ugaritan antolatu dituzte ekimena aurkezteko saioak GKSren lekuan lekuko taldeek. Berriozarren izango den jardunaldiaren nondik norakoak jendaurrean azaltzea da saio horien asmoa, baita landuko diren hamaika auzi eta gaiei heltzen hastea ere.

Datorren asteburuan, esaterako, Donostiako (Gipuzkoa) Txantxarreka gaztetxean, Erromoko (Getxo, Bizkaia) Santa Eugenia plazan, Azpeitiko (Gipuzkoa) Azoka Plaza gainean, Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulo gaztetxean, Gasteizko (Araba) gaztetxean, Lekeitioko (Bizkaia) gaztetxean zein Irungo (Gipuzkoa) Palmera Montero gunean aurkeztuko dute apirilaren 9rako jardunaldia. GKSren tokian tokiko taldeen sare sozialetan ikus daitezke egitarauak.