AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Barakaldoko The Champions Burgerren aurkako agerraldia, urtarrilean.
2025/10/20 12:03

Iruñerrira (Nafarroa) itzuliko da The Champions Burger, eta bertako Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) gogorarazi dutenez, "hamaika arrazoi daude" ekimenaren aurka egiteko. Asteazkenean hasiko da makroekitaldia, eta egun horretan bertan egingo dute auzo mailako batzar bat Errotxapean, erantzuna antolatzeko asmoz. 19:00etan izango da bilera Anelier pasealekuan, eta bertaratzera eta parte hartzera deitu dute Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek.

"Auzokideon ondoeza kontuan hartu gabe, aldaketarik gabe iritsi da The Champions Burger, hamabi egunez gure auzoak kolapsatu eta masifikatuko dituen jaialdia", seinalatu dute: "Zerbitzu publikoek gainezka egingo dute, trafikoa itogarria izango da, Poliziaren presentzia biderkatu egingo da, Errotxapeko eta Alde Zaharreko bizilagunok ez dugu aparkatzeko tokirik izango...". 

Lan-baldintza miserableak, espazio publikoaren pribatizazioa zein loturak Israelekin

Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek ohartarazi dutenez, halako makroekimenek "lan-baldintza prekarioak sortzen dituzte, batez ere gazteontzako"; eta, gainera, "aisialdi-eredu kapitalista erreproduzitzen dute, gehienontzat ordainezinak diren prezioekin". Ekitaldi horien bidez "espazio publikoa interes pribatuetara bideratu" eta "negoziora bideratutako hiri-eredua elikatzen" dutela ere kritikatu dute Kontseilu Sozialistak eta GKSk. Eta, bestalde, salatu dute gisa horretako jaialdietan ez dituztela "gutxieneko osasungarritasun-baldintzak betetzen"; "doazen tokira doazela, elikadura-intoxikazio arrastoa utzi baitute".

Hori gutxi balitz, Mugimendu Sozialistak gogora ekarri du The Champions Burger eta antzeko jaialdien babesleek harremanak eta negozioak dituztela Israelgo Estatu genozidarekin, eta hori guztia kontuan izanik, ekimenaren kontrako borrokara batzera deitu du.

EZ DAGO IRUZKINIK