AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/11 12:35

The Champions Burger ekitaldiak bihar irekiko ditu ateak Barakaldon (Bizkaia), bigarrenez. Horren harira egin du gaur agerraldi bat Bilboko (Bizkaia) Laneko Autodefentsa Sareak, makrojaialdi horretan jarduten duten beharginek jasan behar izaten dituzten lan-gehiegikeriez eta prekaritateaz ohartarazteko.

LASek dei egin die Barakaldoko The Champions Burgerren lan egingo duten pertsonei lan-abusuei adi egotera, baita horien kontra antolatzera ere. Hainbat gomendio egin dizkie: "kontratuak zehatz-mehatz irakurtzea", "edozein irregulartasun edo abusu salatzea" eta LASengana jotzea eta antolatzea, "praktika onartezin horiei aurre egiteko".

"Babesa behar dutenentzat edo abusu-egoerak salatu nahi dituztenentzat", harremanetan jartzeko telefono-zenbaki bat dauka martxan LASek: 624 478 671. Aholkularitza juridikoa eta lan-eskubide oinarrizkoenei buruzko informazioa eskainiko du, baita halako makroekitaldietan ohikoak diren urraketak identifikatzeko baliabideak ere. "Enpresarien inpunitatearen aurrean, defentsarako berme bakarra antolakuntza eta borroka kolektiboa dira", azpimarratu du.

Urraketak eta kaleratzeak Iruñean

"Horrelako ekitaldiek legez kanpoko eta abusuzko jardunbideetara jotzen dute", Bilboko LASek gaurko agerraldian azaldu duenez. Joan den irailean Iruñean (Nafarroa) gertatutakoa ekarri du gogora, horren erakusle modura: "Hitzarmen okerreko kontratuak, hitzartutakoa baino soldata askoz ere txikiagoak, lanaldi amaigabeak eta lan-kategoriatik kanpo ezarritako zereginak".

Nafarroako hiriburuan, bertako LASengana jo zuten hogei beharginek baino gehiagok irailean, eta hainbat irregulartasun identifikatu zituzten langileei ezarritako baldintzetan. Urraketa horiek argitara eman zituzten eta protesta bidez salatu zituzten, eta horregatik kaleratu zituzten hainbat behargin. Dena den, mobilizatzen jarraitu zuten LASen eskutik, eta hainbat lorpen izan zituzten hala.

"Iruñean erakutsi genuen antolakuntza eta borroka direla gure tresnarik indartsuenak. Mobilizazio eta salaketa publikoen ondoren, ordainketak Nafarroako hitzarmenean ezarritakora egokitzea lortu genuen, eta hori ez litzateke posible izango langileen parte-hartze aktiborik eta LASen babesik gabe", aldarrikatu dute gaur. Horretaz gain, kaleratzeak baliogabetzat hartzea ere lortu zuten.

Ohiko gehiegikeria-praktikak

Bilboko LASek azaldu du The Champions Burger bezalako makroekitaldietan "abusuzko eta engainuzko taktikak" erabiltzen dituztela enpresaburuek, eta langileek aldi laburretan eta behin-behinean jardutea probesten dutela horretarako. Iruñeko edizioan, esate baterako, ondoko eskubide-urraketak izan ziren: Valentziako hitzarmena aplikatu zieten beharginei, ez zizkieten jaiegunei eta gaueko lanorduei lotutako estrak ordaintzen, derrigorrezko atsedenaldiak ukatzen zizkieten, zerbitzari-lanak egin arren "laguntzaileen" lan-kategoria ezartzen zieten, eta abar.

EZ DAGO IRUZKINIK