AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Barakaldo Digital
2023/02/21 09:47

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 750 udaltzainek armarik ez daukatela-eta kezka agertuta justifikatu nahi izan dute udal polizia-indarren armatzea Asier Erkoreka Basauriko (Bizkaia) udaltzainburuak eta Aitor Lete Udaltzaingoaren Koordinaziorako zuzendariak. Txosten bat idatzi du berriki Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko lan-talde batek (Eusko Jaurlaritzak nahiz Euskal Udalerrien Elkarteak hartu dute parte, besteak beste), eta, bertan jasotzen denez, udalek udaltzainei bermatu beharreko "baliabide teknikoen" eta "defentsa baliabideen" barruan, suzko armak egongo dira laster. Lekuan lekuko alkatetzak, berez, badirudi aukera izango lukeela udaltzainen eskumenekoa den alorren batean suzko armarik ez erabiltzea agintzeko. Erabaki horrek, dena den, "arrazoituta" egon beharko luke.

Udaltzainentzako oinarrizko horniduran, hain zuzen ere, 9 milimetroko pistola erdiautomatikoak sartu nahi dituzte. Gutxienez hamahiru tiro bota ditzakete arma horiek, eta, berez, udaltzain modura lanean ari direnean baino ezingo dituzte pistolak gainean eraman agenteek.

Txostenak dioenez, teorian, norbaiten aldetik "erresistentzia armatua" dagoenean edo hirugarren pertsona batzuk arriskuan daudenean baino ezingo dituzte suzko armak erabili udaltzainek. Gainera, ezingo omen dute "larderiaz" tiro egin; esaterako, airera, atxiloketaren batean.

Eusko Legebiltzarrera bidali dute jada Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko lan-taldeak egindako txostena. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak, dena den, ulertzera eman du suzko armen erabilerari lotutako neurriak dekretu bilakatuko dituztela.

3.500 udaltzain inguru dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horien %80ek dituzte pistolak; alegia, 2.700 baino gehiagok. Zenbat udalerritan, udaltzainei suzko armak emateko urratsak egin dituzte jada; hala nola, Eibarren (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa). Iruñeko (Nafarroa) Udaltzaingoak, bestalde, taser pistolak erabiltzeko aukera du iazko urtearen amaieratik.

EZ DAGO IRUZKINIK