Bart Gasteizko (Araba) birziklapen-zentro batean piztutako suteak indarrean jarraitzen du oraindik. Artapadura kaleko instalazioek hartu zuten su gaueko 21:00ak igarota, eta handik ordubetera amildu zen pabiloiko sabaia. Badirudi sua kontrolatzea lortu dutela suhiltzaileek, baina ohartarazi dutenez, posible da hondakinak beste pare bat egunez jarraitzea sutan. Askotariko hondakinak tratatzen dituzte bertan.
Ordu txikitan izan bazen ere, suteak sortutako kea zela-eta, leihoak ixteko gomendioa egin zuen Gasteizko Udalak: "Hiriaren iparraldeko birziklatze-planta batean sortutako sute handiaren ondorioz, eta sortutako kea eta errautsak kilometro batzuetara mugitzen ari direnez, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak herritarrei gomendatzen die leihoak ixteko". Abetxuko da birziklapen-zentrotik gertuen dagoen bizitoki-eremua.
Airearen kalitatea unean-unean erregistratzeko neurgailu batzuk daude martxan Europan, eta kezka sortu dute gaurko emaitzek: Gasteiz da emaitzarik txarrenak topatu dituzten hiria, gorriz markatuta ageri baita mapan.