Israelgo Estatuak aire-erasoak egin ditu berriki Gazako Zerrendan, eta gutxienez 326 pertsona erail ditu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Bonbardaketek Gaza, Khan Younis eta Rafah bezalako zonalde jendetsuei eragin diete, bi hilabeteko su-etena hautsiz: Hamasen esanetan, Benjamin Netanyahuren gobernuak "aldebakarrez" utzi du bertan behera su-etena. Palestinako Erresistentziako beste fakzio batzuek, hala nola Palestinako Jihad Islamikoak, "su-eten iraunkorra lortzeko ahaleginak nahita sabotatzea" leporatzen diete sionistei.
Lekukoek eta Al Jazeera hedabideak jakinarazi dutenez, erasoaldiak palestinarren etxebizitzak, ospitaleak eta babeslekuak kolpatu ditu Gazako Zerrendan. Sionisten armadak operazioa justifikatu du argudiatuta "Hamasi presoak askatzeko presioa egitea" bilatzen duela, baina erresistentzia palestinarrak ez du su-etenaren amaiera ofizialki iragarri oraingoz.
Akordio orokorrago bati bide emateko negoziazioen geldialdian egin du erasoa Israelgo Estatuak. Agintari sionistek su-etena apirilaren erdialdera arte luzatu nahi omen dute, su-eten iraunkorraren inguruan eztabaidatu aurretik, baina Hamasek berme zehatzak eskatzen ditu konfrontazioak erabat eteteko. 2023ko urriaren 7tik, Israelgo Estatu terroristaren okupazioak 48.000 palestinar baino gehiago erail ditu, Gazako Osasun Ministerioaren datuek diotenez. Kalkulu batzuen arabera, benetako kopurua askoz ere handiagoa da.