AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/27 11:08

Datorren asteburuan ere, palestinar erresistentziaren aldeko mobilizazioak egingo ditu Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Euskal Herriko bost hiriburutan egin ditu deialdiak, "Israelek hasierako momentutik hautsi" duen "su-eten faltsua" salatzeko, batetik; eta Nazio Batuen Erakundeak 1947an ezarritako zatiketa-planaren urtemugari lotuta, erakunde horren eta nazioarteko gainerako instituzioen "hipokrisia" salatzeko, bestetik. 

Iruñean bihar arratsaldean egingo dute protesta, 19:00etan Foruen Monumentuan. Gainerako mobilizazioak larunbatean izango dira: 12:00etan Donostian eta Gasteizen, Bulebarretik eta Andre Mari Zuriaren Plazatik aterata hurrenez hurren; 12:30ean Bilbon, Arriaga Plazan hain zuzen ere, eta 16:00etan Baionan, Herriko Etxe aitzinean.

Bi estatuen aterabidea faltsua dela erakutsi du denborak

Plataformak gogorarazi du NBEk Trumpen "bake-plana" onartu duela berriki, "kolonizazioa zilegiztatzea helburu", eta larunbatean bertan beteko direla 78 urte Palestinan zatiketa-plana inposatu zutenetik. Ordutik, bi estatuen aterabidea "irtenbide faltsua" izan dela "inoiz baino argiago ikus" daitekeela salatu du Palestinarekin Elkartasunak: "Bi estatuena, Israel legitimatzeko eta palestinar herria zokoratzeko trikimailua baino ez da izan. Soluzioa baino, arazoaren iturria da".

"Su-etenaren" iruzurra, nazioartearen babesean

Palestinarekin Elkartasunak horren harira gaitzetsi du Israelek "su-etenerako" akordioa behin eta berriz urratu izana: "Bonbardaketak, erailketak eta blokeoak mantendu ditu Israelek, ia 500 palestinar erail eta milaka zauritu eragin ditu". Gainera, plataformak gogorarazi du estatu sionistak Zisjordanian 1.300 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu duela, baita "tortura kasuek biderkatzen jarraitzen dutela" ere, "inpunitate osoz".

"Trumpen plana deiturikoak garbiketa etnikoa mantentzea du helburu, israeldarren erasoak baimendu eta estaltzen dituelako eta palestinar erresistentzia ez erantzutera derrigortzen duelako, bestela, adostutakoa ez betetzea leporatuko baitiote", laburbildu du. Akordioa sinatzeak, beraz, "sarraskiaren ala pixkanakako genozidioaren artean aukeratu behar izatea" esan nahi duela ohartarazi du. 

Eta hori guztia, gainera, nazioartearen babesarekin gertatu dela seinalatu du Palestinarekin Elkartasunak. NBEk, adibidez, Trumpen plana eman zuen ontzat aurreko astean, 2803 ebazpenaren bidez. "Horrek berresten digu nazioarteko erakundeak Mendebaldeko potentzia inperialisten mesedetara daudela".

EZ DAGO IRUZKINIK