AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/04 09:50

Gazte Koordinadora Sozialistak urrian eman zuen argitara Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa; gazte problematikari lotutako hamabi aldarrikapen jasotzen ditu programak. "Proposamen horren bitartez, gazte langileon artean elkartasuna antolatu, kontzientzia politikoa piztu eta eskubideen borrokarako grina hedatu nahi dugu", azaldu zuten GKSko kideek aurkezpenean. Programa horretan sakontzeko bidean, Gazte Langileon Elkargunea antolatu zuen GKSk, egun osoko egitarau baten bidez, gazteen "problematika ezberdinei ikuspegi sozialistatik aurre egiteko aukeren inguruan" aritzeko.

Atzo izan zen Elkargunea Ordizian (Gipuzkoa), eta aipatutako edukia lantzeko, lau hitzaldi egin zituzten goizean, bi gunetan banatuta: herriko frontoia eta herri antzokia. Ondoko hitzaldiak entzuteko aukera izan zuten bertaratu ziren gazteek: Bizi bitartekoen aldeko borroka ikuspegi sozialistatik, Gazte langileontzako espazio politiko propioak, Autoritarismoaren gorakada: nola planteatzen dugu komunistok eskubide politikoen aldeko borroka? eta Arte ekoizpenaren funtzio politikoak: egungo eszena musikala eta erronkak.

Gazteen "problematika ezberdinei ikuspegi sozialistatik aurre egiteko aukeren inguruan" aritu ziren hitzaldietan

Ordiziako plazan eta frontoian banatuta bazkaldu zuten gero ehunka eta ehunka gazteek, eta horren ostean hasi zen aisialdiko eskaintza: Debrass Band txaranga eta Ballon Frame rap abeslariak aritu ziren iluntzean. 20:00etan izan zen Elkarguneko ekitaldi politiko nagusia frontoian, eta gauean, berriz, musika emanaldiak. Bake Faltsua taldea eta Tatta eta Lil Mutiko abeslariak igo ziren oholtzara, azken horiek, Densok lagunduta. Ondoren, gauerdian, Atenenas aritu ziren frontoian musika jartzen, eta amaitzean, Nazka Bwoyz Selecters eta Enjoy disc-jockeyak girotu zuten Gaztetxea. Horrekin eman zioten amaiera egun osoko egitarauari.

Gazte langileak borrokara

Ekitaldi politikoan, GKSko kideek gogorarazi zuten "ofentsiba bezala ulertu" behar dela "bizitzen ari garen egoera"; "enpresari handien eta beraien menpeko politikari profesionalen ofentsiba bezala". "Krisi testuinguruan baldin bagaude ere, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira, gure kontura gainera, langileon soldatak arpilatzearen bitartez", salatu zuten: "Politikari profesionalek ere egoera horrekin kolaboratzen dute, zigor kodeak gogortuz, enpresarien lan-erreformak aplikatuz, baliabide militar belikoak handituz eta abar".

"Krisi testuinguruan baldin bagaude ere, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira, gure kontura gainera"

Gehitu zuten alderdi sozialdemokratek ez daukatela "zereginik oligarkiaren aurrean": "Ogi apurrak kudeatu besterik ez dute egiten, ezer hobetzerik lortu gabe. Kontrara, burgesiaren joko politikoa onartuz beraien liberatuen poltsikoak bete, zenbait eskumen administratibo lortu eta trukean estatu kapitalisten ofentsiba politikoa onartzen dute". "Ezin gara egoera horren aurrean besoak gurutzatuta gelditu, burgesiaren ofentsiba horri gaurdanik egin behar diogu aurre", aldarrikatu zuten.

"Gaur hemen gazte asko bildu bagara ere, daukagun indar honi proiekzio estrategikoa ematen jarraitu behar dugu", esan zuten Elkarguneari erreferentzia eginez: "Proiekzio estrategikoa, kohesio ideologikoa eta konbikzio pertsonala behar ditugu, eta hemen gaudenetako bakoitzaren ekarpena ere bai, bakoitzak ahal duen neurrian. Helburu horiekin antolatu dugu Elkargune nazional hau". Zentzu horretan, gaineratu zuten "bizitzen ari garen arazoei aurre egiteko hipotesiak eztabaidatzea, norabidea argitzea eta geure arteko batasun politikoa elikatzea beharrezko baldintzak" direla "mugimendu bezala handitzen jarraitzeko".

"Proiekzio estrategikoa, kohesio ideologikoa eta konbikzio pertsonala behar ditugu"

Horri lotuta, "eskubide politikoen aldeko borrokaren garrantzia" azpimarratu zuten berriz GKSko kideek; "baina ez eskubide politikoak burgesiak egiten dizkigun paperaren gaineko kontzesio bezala ulertuta". "Iraultza Sozialistarako baldintzak sortzeko borroka da eskubide politikoen aldeko borroka, sozialismoa posible egingo duten baldintzen aldeko borroka", azaldu zuten.

"Horregatik, zelatatzen gaituzten kamerak eta kontrol mekanismoak kendu behar ditugu, faxismoari kale mailan aurre egin behar diogu, gurekin nahi dutena egiten duten enpresari eta nagusien inpunitatearen aurrean altxatu behar gara", xehatu zuten. "Horrekin batera, militantzia politikoaren gaineko jazarpen soziala salatzen dugu. Ez dugu militantziaren aurkako inolako erasorik onartuko, eta elkartasuna adierazten diegu poliziak jazarritako Mugimendu Sozialistako bi kideei. Zuekin gaude. Jakin dezatela aurrean izango gaituztela". Aste honetan eman dute, hain zuzen, Mugimendu Sozialistako bi militantek kalez jantzitako polizien aldetik jasandako jazarpen polizialaren berri.

"Ez dugu militantziaren aurkako inolako erasorik onartuko, eta elkartasuna adierazten diegu poliziak jazarritako Mugimendu Sozialistako bi kideei. Zuekin gaude"

Krisi testuinguruari berriz ere erreferentzia eginez, GKSk ohartarazi du "bankariek eta enpresari handiek gogor" egiten dietela eraso "gure bizi baldintzei", eta, gainera, "gero eta bitarteko gutxiago eskaintzen" dituztela gizarte zerbitzuetarako. "Orokortu nahi duten bizi eredu gero eta pobreago horren aurrean, langileria osoa politikoki antolatzea" beharrezkotzat jo zuten, baita "lan baldintzen hobekuntzarako borrokak eta bizi bitartekoetara sarbidea eskuratzeko dinamikak martxan jartzea" ere.

"Lan baldintzen hobekuntzarako borrokak eta bizi bitartekoetara sarbidea eskuratzeko dinamikak martxan jarri behar ditugu"

"Borroka horiek ezin ditugu, ordea, modu isolatuan ulertu. Problematika bakoitzari ezin baitzaio modu isolatuan aterabiderik eman, ezin daitezke sistema kapitalistaren barruan gainditu", adierazi zuten GKSko kideek: "Aipatutako borroka bakoitza Estatu Sozialistaren bidean kokatu behar dugu, langileon kontrolpeko Estatu Sozialistaren baitan baino ezingo delako zapalkuntza modalitate oro errotik gainditu".

"Estatu Sozialistaren bidean aurrerapausoak emateko aurkeztu genuen Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa ikasturte hasieran; gazteok ditugun arazo ezberdinei aurre egiteko bitartekoak eskaintzeko eta sozialismoaren aldeko zentzu komuna eta kultura politikoa hedatzeko", esan zuten. Horrekin lotu dituzte ordutik tokian toki hainbat problematika "salatzeko eta borrokatzeko" egindako edota abiatutako dinamikak. "Baina hau ez da hemen bukatzen".

"Sozialismoaren eraikuntzaren alde borrokak abiatzeko eta mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa, gazteok antolatzeko espazioak eskuratzeko eta defendatzeko konpromisoa eta sozialismoaren aldeko aldarriak hedatzen jarraitzeko konpromisoa" erakutsi zuen berriz GKSk. Jakinarazi zuten GKS, hain justu, "horretarako bitarteko bat baino" ez dela, "gazte langileon eskura dagoen erreminta" eta "eguneroko arazoei aurre egiteko erreminta", "proiektu politiko batekiko konpromiso osoa duena".

"GKS bitarteko bat baino ez da; gazte langileon eskura dagoen erreminta, eguneroko arazoei aurre egiteko erreminta. Eta proiektu politiko batekiko konpromiso osoa duena"

"Gazte langileek etorkizun iluna daukagu gizarte kapitalistan. Burgesiak inposatu digun gazteria eredua ondorengoa da: gazte langabetua, prekarizatua, obedientea eta kriminalizagarria", seinalatu zuten. "Gazte langileon etorkizunarekin arduratuta eta konprometituta daudela esaten digute agintariek. Ez gaituzte engainatuko, gazte langileon aurkako ofentsibarekin daude konprometituta. Bai enpresari handiak baita politikari profesionalak ere", salatu zuen GKSk: "Guk ere konpromiso proportzionala hartuko dugu. Ez ordea estatu kapitalistaren eroskeriarekin, langileon Estatu Sozialistaren eraikuntzarekin baizik".

"Politikari profesionalen fartsatik kanpo antolatzen, mobilizatzen eta borrokatzen jarraitu behar dugu. Ez baita enpresari handien inbertsioa mugimendu hau sostengatzen duena. Ez dira parlamentuko besaulkiak Prozesu Sozialistaren euskarri. Eguneroko lan militante konprometitua eta ehunka pertsonaren parte-hartze politikoa dira ematen den aurrerapauso bakoitza posible egiten dutenak", aldarrikatu zuen GKSk.

Ikusi hemen Elkargunearen laburpen bideoa:


EZ DAGO IRUZKINIK