AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Euronews
2024/05/31 12:52

Europako Parlamentua 705 diputatuk osatzen dute eta horietako bakoitzak 10.075,18 euroko soldata gordina kobratzen du hilero. Zergak eta gizarte-segurantzako kotizazioak kenduta, soldata garbia 7.853,18 eurokoa da, nahiz eta estatu bakoitzaren zerga kopuruaren arabera gehiago ere izan daitekeen. Hau da, Europako Parlamentuak urtean 7,1 milioi euro xahutzen ditu, soilik diputatuen soldatetan. Soldataz gain, eurodiputatuek hainbat dieta kobratzeko eskubidea ere badute, "jardun parlamentarioari lotutako gastuak" ordaintzeko.

Bulegoen alokairua, informatika-materiala edota telefonoa bezalako "gastu orokorrak" osatzeko, eurodiputatu bakoitzak 4.950 euro jasotzen ditu hilero, bai eta beste 350 euro ere, eguneko "egonaldi-gastuetarako". Parlamentari bakoitzak, beraz, 16.263 euroko diru-sarrera finkoak ditu hilero.

Europako Parlamentuak urtean 7,1 milioi euro xahutzen ditu, soilik diputatuen soldatetan

Horrez gain, badira euren jardunaren arabera kobra ditzaketen beste hainbat dieta eta dirulaguntza ere. "Bidaia- eta mugikortasun-dietei" dagokienez, batetik, Estrasburgora eta Bruselara egindako bidaien kostuaren %100 itzultzen die parlamentuak, eta, bestetik, bidaia ofizialetarako, beste 4.886 euroko dieta bat kobra dezakete urtero.

Bulegoen alokairua, informatika-materiala edota telefonoa bezalako "gastu orokorrak" osatzeko, eurodiputatu bakoitzak 4.950 euro jasotzen ditu hilero, bai eta beste 350 euro ere, eguneko "egonaldi-gastuetarako"

Bestalde, Europako Parlamentuak eurodiputatuen osasun-gastuen bi heren ordaintzen dizkie, Europar Batasuneko funtzionario diren heinean. Halaber, parlamentariek laguntzaileak eta aholkulariak ordaintzeko beste dieta bat ere jaso dezakete, hilean 28.412 eurokoa.

Dirulaguntzak eta pentsioak

Lanpostua uztean, eurodiputatuek hileko dirulaguntza bat jasotzeko eskubidea dute. Kopuru hori euren soldataren tamainakoa da, eta parlamentari postua utzi ondoren, bi urtez kobratzen jarrai dezakete. Gainera, 63 urte betetzean, eurodiputatu ohiek erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea ere badute.

Pentsioaren zenbatekoa, lanean egotean hilean jasotako soldataren %3,5ekoa da, baina %70era ere irits daiteke. Hau da, legegintzaldi bakarrean (bost urtez) jardun duen diputatu batek 1.763,16 euro jasoko lituzke hilean; aldiz, 20 urtez lanpostuan egon den batek, hilean 7.052,63 euro garbi kobratuko lituzke hil arte. Parlamentarien pentsio hori, gainera, bateragarria da jatorrizko herrialdean jasotako bestelako pentsioekin eta dirulaguntzekin.

63 urte betetzean, eurodiputatu ohiek erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea ere badute. [...] legegintzaldi bakarrean (bost urtez) jardun duen diputatu batek 1.763,16 euro jasoko lituzke hilean; aldiz, 20 urtez lanpostuan egon den batek, hilean 7.052,63 euro garbi kobratuko lituzke

Ezgaitasun pentsiorik ere bada, eurodiputatu batek karguan egon bitartean ezgaitasunik garatuko balu kobratuko lukeena. Kasu horretan, pentsioa soldataren %35 eta %70 artekoa litzateke, parlamentuan pasatutako urte bakoitzeko %3,5 handitzen delarik.

EZ DAGO IRUZKINIK