AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/16 09:20

Bihar, otsailaren 17an, berriz mobilizatuko dira Bilbon (Bizkaia), palestinar erresistentziari elkartasuna adierazteko eta sionismo genozida seinalatzeko. Arriaga plazan izango da Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako kontzentrazioa, 12:00etan hasita. Oraingoan, azpimarra berezia egingo diote azken egunetan Rafah hirian izaten ari den sarraskiari: Gazako Zerrenda hegoaldean zutik jarraitzen zuen hiri bakarra zen Rafah, eta hura indarrez eta armaz hartzen ari dira sionistak.

Israelgo entitate sionistak duele astebete agindu zuen palestinarrak Rafahtik ebakuatzeko. Urriaren 7tik hona izan diren eraso masiboen ondorioz, 1,4 milioi palestinar inguruk hartu behar izan dute babes Rafahn, eta horiek guztiak handik alde egitera behartu nahi dituzte sionistek, Gazako Zerrenda osorik okupatzeko. Helburu horrekin, sekulako sarraskia ari dira egiten azken egunetan.

Izugarria da, urriaren 7tik, entitate sionista Gazan egiten ari den genozidioa. Ikara eragiten dute argitara ateratako datuek: azken lau hilabeteetan, gutxienez 28.663 palestinar erail dituzte sionistek, horietatik 13.000 inguru adin txikikoak. Eraso sistematikoetan zaurituak 68.395 dira, eta desagertuak, 8.000 inguru.

Gora palestinar erresistentzia!

Asko izan dira, azken hilabeteetan, palestinar erresistentziarekin elkartasunez eta sionismoaren kontra Euskal Herrian egindako mobilizazioak. Ordizian (Gipuzkoa) izan zen azkenekoa, urtarrilaren 27an: sionismoarekiko konplizitatea salatu zuten milaka lagunek manifestazio handi baten bidez, bereziki, CAF enpresa seinalatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK