Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak aginduta, hainbat euskal preso politiko lekualdatuko dituzte aurki. Gehienek beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak, eta Euskal Herritik gertuago dauden presondegietara mugituko dituzte.
Estremeratik (Madril) Soriara tokialdatuko dute Antton Troitiño. 2011n geratu zen aske 24 urteko espetxealdiaren ondoren, baina ETAn berriz sartzea leporatu zioten gero. Hala, Londresetik estraditatu eta ia 6 urteko zigorra ezarri zioten. 2017tik dute preso, eta maiatzean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Lehen graduan jarraituko du palentziarrak, baina 100.2 artikulua ezarriko diote, espetxe erregimena "malgutuz".Andoni Otegi, aldiz, Almeriatik Logroñora mugituko dute. 30 urteko zigorra ari da betetzen preso politiko leaburuarra, eta 2031n beteko lituzke kondenaren hiru laurdenak.
Bestalde, Algecirasetik Soriara lekualdatuko dute Mikel Arrieta. 20 urte daramatza espetxean, eta uztailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Gaixotasun degeneratibo bat du oreretarrak.
Aitzol Maurtuaren kasuan, Huelvatik Dueñasera (Palencia) mugituko dute. Atxondoko (Bizkaia) preso politikoa 2002tik dute giltzapean, eta 20 urteko kartzela zigorra du bere gain.
Bittor Franco, berriz, Huelvatik Estremerara tokialdatuko dute. Barakaldarrari ere 20 urteko zigorra ezarri zioten, eta horietatik 18 bete ditu jada. Duela astebete hil zen haren aita, eta Etxerat elkarteak salatu zuenez, ez zuen agurtzerik izan.
Agustin Almaraz preso politikoa ere lekualdatuko dute, Cadizetik Estremerara. 1995. urtean espetxeratu zuten, eta 2014an zigorraren hiru laurdenak bete bazituen ere, preso jarraitzen du.