Idealista atariaren datuen arabera, Espainiako Estatuan salgai dauden etxebizitzen eskaintzan gora egin du "okupatutzat" jotako higiezinen kopuruak: 23.010 baino gehiago ziren 2025eko hirugarren hiruhilekoan, eskaintza osoaren %3. Eta igoera nabarmena izan da, 2024aren amaieran, salgai zeuden etxeen 20.464 hartzen baitziren "okupatutzat". Ofizialki erregistratutako iragarkiak hartzen dituzte kontuan zifra horiek emateko.
Merkaturatu dituzten etxebizitza "okupatuen" zati handi bat, %39 inguru hain justu, Katalunian daude. %22 Andaluzian daude, %11 Valentziako Erkidegoan, %6 Madrilen eta beste %6 Murtzian.
Badirudi, Hego Euskal Herrian, batez besteko kopurutik behera daudela datu ofizialak: EITBk jaso duenez, salgai dauden etxe "okupatuak" eskaintza guztiko %1,7 dira Donostian (Gipuzkoa), %1 Bilbon (Bizkaia) eta %1etik behera Iruñean (Nafarroa). Hala ere, esanguratsuak dira zenbaki horiek ere: apirilean argitaratu zuten "okupatu" gisa sailkatutako 150 etxebizitza zeudela salgai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 80 Nafarroan.
Etxebizitzaren negozioaren defentsa eta okupazioaren kriminalizazioa
Idealista-k "filtro" espezifiko bat dauka, ustez okupatuta dauden etxeak zuzenean identifikatzeko eta erakusteko: Legez kanpo okupatutakoa (Ocupada ilegalmente). Plataforma horretako bozeramaileak, Francisco Iñaretak, etxebizitzaren negozioaren eta etxejabeen defentsa irmoa egin du azken datuen berri ematean, nabarmenduz jabeak "nazkatuta" daudela "Justiziaren esku-hartzearen zain egoteaz", eta gaitzetsiz higiezinen prezioak jaitsi behar izaten dituztela ustez okupazioa jasan izanagatik. "Jabeak babesteko eta haien etxebizitzak berreskuratzea bermatzeko politikak" aldarrikatu ditu, okupazioa kriminalizatuz.
Etxebizitzaren negozioari esker aberasten diren enpresa horiek, masa-hedabideek eta pertzepzio sozialak diotenaren kontrara, Espainiako Estatuan, salgai dauden etxebizitzen %2,6 baino ez daude okupatuta gaur egun, EITBk aurten zabaldutako datuen arabera. Hego Euskal Herrian are baxuagoa da ehunekoa: %1,5.