Andoni Ortuzar Movistar Plus+ek fitxatu duela argitara atera eta egun gutxira, jeltzaleen ate birakarien beste kasu baten berri eman dute: Unai Rementeria, zortzi urtez Bizkaiko Foru Aldundia gidatu zuena, Kutxabank banketxeko zuzendaritzan sartuko dute. Hain zuzen ere, BBK Fundazioko presidente izendatuko dute; Kutxabanken jabe nagusia (bankuaren %57 da berea).
Rementeria 2015etik 2023ra bitartean izan zen Bizkaiko ahaldun nagusia, eta, horren aurretik, bozeramaile izan zen Jose Luis Bilbaok zuzendutako diputazioan, une honetan lehendakaria den Imanol Pradales oso gertu zuela; Ekonomia Sustapeneko diputatua zen Pradales. Gaur egun, Elkarkidetza entitatea kudeatzen du Rementeriak. Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakunde hori arduratzen da EAEko diputazioetako eta udaletxeetako funtzionarioez, eta El Correo-ren arabera, 1.500 milioi eurotik gorako ondarea eta 32.000 kide barne hartzen ditu.
Aipatutako egunkariak berak seinalatzen duenez, BBK Fundazioko zuzendaritza-postu hori eskuratzeko, teorian, beharrezkoa da kargu publikoekin loturarik ez izatea, "baina EAJk erakunde fundatzaileen, aldundien eta udalen gobernuetan duen pisua erabakigarria izan da beti". Hainbat analistak enpresa-inbertsioaren aldeko mezu gisa hartu dute Kutxabanken fitxaketa berria, gogoraraziz diputatu nagusi zenean enpresen eskutik jarduteko erakutsi zuen borondatea. Hala adierazi zuen garai hartan: "Hemen inbertitu nahi duten enpresei, neurrira egindako jantzia eskaini nahi diegu fiskalitateari, kokapenari, lursailari edo administrazio-baimenei dagokienez".
Azken datuen arabera (2024), bost urtean %18 areagotu du bere ondarea BBK Fundazioak, eta 4.700 milioi euroko partaidetza-zorro bat dauka; tartean Kutxabankeko partizipazioa, 3.600 milioi eurokoa.