AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / PA
2024/04/09 10:53

Aste honetan jakinarazi dute sionisten tropek atzera egin dutela Gazako Zerrendaren hegoaldean, baina hori helburu argi batekin egin dutela dio Israelgo Estatu genozidak: beste operazio kriminal bat martxan jartzeko prestatu ahal izatea. Badirudi Rafahra (hegoaldean dago, Egiptoko mugatik gertu) indarrez sartu nahi duela aurki, eta horretarako prestaketa-lanei ekin diela. Atzo bertan bonbardatu zuen berriz zonaldea, Nuseirateko errefuxiatu-esparrua barne.

Kolono nahiz askotariko kargu sionistek gobernuari egindako presioaren eta mobilizazioen ostean, palestinarren kontra gogor egiten jarraitzeko exijentziekin bat egin du Benjamin Netanyahu Lehen ministroak. Oraintsu adierazi du ezarrita dagoela Rafah lurretik inbaditzeko data, "terroristak desagerraraztea" aitzakiatzat hartuta.

Gaur egun, 1,5 milioi palestinar inguru daude Rafahn. Azken sei hilabeteetan, ihesaldi masibora jo behar izan dute gazatarrek, eta asko mugitu dira Rafah ingurura: hara joan dira sionistek suntsitutako beste zonalde batzuetatik ihes egin behar izan duten palestinarrek.

Israelgo tropek basakeria besterik ez dute utzi atzean, Gazako Zerrendaren hegoaldetik erretiratzean. Guztiz sarraskitu dute Khan Yunis hiria, eta orain ohartarazi dute Rafah inbaditzeko urrats bat izan dela hori. Gaza hirira ere sartu nahi omen dute.

Elkarrizketak Kairon

Kairon (Egipto), bitartean, su-etenari buruzko elkarrizketek jarraitzen dute, baina ez dago akordiorik. Agintari sionistek, hala ere, inpunitate osoz jarraitzen dute euren asmo kriminalen berri ematen: Netanyahuk behin eta berriz esan du Hamasen kontrako "erabateko garaipen bat" lortu nahi duela, eta horren parte dela, besteak beste, Rafah inbaditzea.

Elkarrizketa-mahaian Israelgo Estatuak mahaira atera duen azken proposamenak desplazatu palestinarren itzulera barne hartzen omen du, baina ez euren etxeetara: errefuxiatu-esparruetara baizik. Hamasek orain arte nabarmendu du ez duela inolako akordiorik onartuko baldin eta ez baditu bermatzen su-eten bat, desplazatu gazatarrak euren etxeetara bueltatu ahal izatea eta indar militar sionistek atzera egitea.

Badirudi oraintxe esku artean duten balizko akordioak barne hartzen dituela, esaterako, sei asteko su-eten bat eta hainbat bahituren trukea: 700 preso palestinar askatuko lituzkete sionistek, eta bahitutako 40 israeldar Hamasek.

33.000 erailketa baino gehiago

Argitaratutako azken datuek ikara eragiten jarraitzen dute. Urriaren 7tik hona, sionistek 33.200 palestinar inguru erail dituzte Gazako Zerrendan, horietatik 14.500 inguru haurrak. Desagertuak 8.000 inguru izan daitezkeela uste da, kopuru zehatzik ez dagoen arren, eta ia 76.000 dira zaurituak.

EZ DAGO IRUZKINIK