AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/19 08:58

Joan den larunbatean elkarretaratze jendetsu bat izan zen Bilboko (Bizkaia) Arriagan, sionistak Rafahn egiten ari diren azken erasoak gaitzesteko. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatu zuen protesta: berriz adierazi zioten babesa palestinar erresistentziari, eta "Mendebaldeko gobernuek eta euskal erakunde, alderdi eta enpresek" sionismoarekin duten konplizitatea salatu zuten.

Antolatzaileek ohartarazi zuten Israelgo entitate sionistak areagotu egin dituela Rafah hiriaren kontrako bonbardaketak. Gazako Zerrenda hegoaldean dago Rafah, Egiptoko mugatik gertu, eta 1,4 milioi palestinarrek baino gehiagok hartu dute babes bertan, sionisten eraso masiboak direla-eta. Palestinarekin Elkartasuna plataformak argi seinalatu du: "Palestinako biztanleria Egiptora kanporatzeko eta Gazako Zerrenda suntsitzeko" asmoz sionistak gauzatzen ari diren "planaren barruan kokatzen da", hain zuzen ere, "Rafahn dauden herritarrak ebakuatzeko agindua".

"Krisi humanitarioa"

Mobilizazioan, bestalde, nabarmendu zuten "erabateko zigorgabetasuna" daukatela sionistek. Izan ere, "telebistaz eta Gazako palestinarrek kontatutako genozidioaren" dimentsio ikaragarria gogorarazi zuten berriz: "30.000 pertsona baino gehiagoren hilketa, eta etxebizitzen %70 baino gehiagoren eta osasun-baliabideen %85en suntsiketa".

Erakunde sionistaren desegitea

Plataformak aldarrikatu zuen, dena den, "galera horiek guztiek eta herritarrak gosez eta egarriz hiltzeko estrategia sionistak" ez duela lortu "palestinar erresistentziarekin amaitzea". Erresistentziak lau hilabetez eutsi die sionisten erasoei, eta horretan jarraitzen du.

"Berriz diogu erakunde sionistaren desegitea dela irtenbide posible bakarra", gaineratu zuten. "Deskolonizazio-prozesu bati lotutako desegite" bati egin zioten erreferentzia, azpimarratuta horrek ahalbidetuko lukeela "Palestina ibaitik itsasoraino libre eraikitzea, errefuxiatu eta erbesteratu palestinarren itzulera eta preso palestinar guztiak askatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK