AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bortizkeria polizialaren aurkako manifestazioa, Tesalonikan. ARGAZKIA / alerta.gr
2022/12/06 09:32

Greziako poliziak hamasei urteko Kostas Fragoulis ijito gazteari bi tiro eman zizkion atzo eguerdian. Tesalonikako gasolindegi batetik 20 euro gasolina ordaindu gabe ihes egiten ari zen nerabearen atzetik zihoan poliziaren unitate motorizatua, agenteak jaurtitako balak buruan jo zuenean.

Gertakaria zabaldu eta berehala, Tesalonikan bertan zein Atenas hiriburuan hainbat protesta antolatu ziren astelehenean zehar. Tesalonikan, 1.500 pertsona inguruk parte hartu zuten eragile ezkertiar eta anarkistek antolatutako manifestazioan. Poliziaren eta manifestarien arteko talkak izan ziren, eta gas negar-eragilea eta granada zorabiatzaileak jaurti zituzten polizia-indarrek. Sei lagun atxilotu zituzten protestaren ondoren.


Horren aurretik, erromani komunitateko ehun bat lagunek barrikadak jarri zituzten ustez mutila artatzen ari ziren Ippokrateio Ospitale Nagusiaren kanpoaldean. Orduan ere, granadak eta gas negar-eragileak erabili zituen haien aurka poliziak.


Atenasen ere zeresana eman du biolentzia polizialak, ehunka pertsonak parte hartu baitzuten hiriko erdigunean antolatu zen manifestazioan. Greziako ijito komunitateko kideek eta hainbat elkartek salatu zutenez, "ijitoen aurkako bazterkeria eta bortizkeria poliziala" da nagusi herrialdean. Iaz, poliziak 18 urteko ijito gazte bat hil zuen tiroz, eta hura ere gogoan izan dute, azken urteotan poliziarekin izandako liskarretan hil edo zauritu dituzten gainontzekoekin batera.


Hiriburuko Exarchia auzoan ere ehun lagun inguru bildu ziren Indar errepresiboen eta Estatuaren basakeriaren aurka lelopean. Han ere karga gogorrekin oldartu zitzaien polizia, eta manifestariek molotov koktelak zein harriak jaurtiz erantzun zieten.


2008ko oihartzunak


Oraingoz, ezezaguna da Fragoulisen egoera. Bertsio ofizialaren arabera, bala ateratzeko ebakuntza egin diote Tesalonikako ospitalean, eta "egoera kritikoan" legoke uneotan. Dena den, Greziako hainbat iturriren arabera, baliteke agintariak nerabearen heriotza ezkutatzen aritzea, gaur bertan hamalau urte betetzen baitira Atenasko poliziak Alexis Grigoropoulos hamabost urteko gaztea tiroz erail zuenetik. Data hauetan erailketa gogora ekartzeko manifestazio masiboak antolatu ohi direnez eta azken kasuaren larritasuna ikusita, agintari politikoek eta komunikabideek 2008koa bezalako matxinada orokor bat saihestu nahi dutela dirudi.


Manifestazio gehiago


Gaur are mobilizazio beroagoak espero dira herrialdean barrena. Alde batetik, Kostas Fragoulisi dagokionez, haren aurkako tiroketa salatzen jarraituko dute eta baliteke bere egoeraren inguruko berri gehiago heltzea. Bestetik, urteroko manifestazio jendetsuak espero dira Alexis Grigoropoulosen omenez.

EZ DAGO IRUZKINIK