AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / PCE
2025/12/04 18:15

Karol Nawrocki Poloniako presidenteak mozio bat aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, alderdi politikoen erregistroetatik kanpo uzteko Komunistyczna Partia Polski (KPP), Poloniako Alderdi Komunista. Idatziaren arabera, gobernuak uste du KPPren helburuek eta jarduerek "komunismoaren praktika totalitarioei erantzuten" dietela eta bere programak bere gain hartuko lukeela "botere politikoa hartzeko" asmoz "biolentzia" erabiltzea.

Alderdi Politikoen Legean oinarritzen da presidentetzaren eskaera, "Konstituzioarekin bateraezina" den edozein alderdi desegiteko aukera ematen baitu. Oraingoz, ez Konstituzio Auzitegiak ez KPPk ez dute gaiari buruzko adierazpen publikorik egin.

Nomenklatura komunistako antrolakundeak legez kanpo uzteko saiakera ez da berria Polonian. 2020an, Fiskaltzak eta orduko Justizia ministroak, Zbigniew Ziobrok, antzeko ekimen bat bultzatu zuten, taldeak "totalitarismoa bultzatzen" zuela argudiatuta. Hala ere, prozesu hura gelditu egin zen. Ziobro Hungarian bizi da gaur egun, eta 26 kargu leporatzen dizkiote Polonian, horietako bat sare kriminal baten buru izateari lotuta. Pegasus espioitza-software israeldarraren erabilera finantzatzeko asmoz funts publikoak desbideratzea ere egotzi diote; oposizioko kideen, kazetarien eta enpresarien aurka erabili zuen, antza, software hori.

Momentu horretan, KPPk esan zuen erakundea debekatzeko saiakerak interpretazio historiko okerretan oinarritzen direla, eta interpretazio horien helburua zela alderdia "antzinako sistema sozialistaren akatsen" erantzule egitea. Alderdiak defendatu zuenez, sistema hori ez zen komunismoa berez, baizik eta trantsizio-proiektu bat aurrerapen sozialekin.

Orain, KPPren ilegalizazioari buruzko erabakia Konstituzio Auzitegiari dagokio: mozioa onartzen duen ala ez erabaki beharko du, eta beste ilegalizazio-prozesu bat ireki ala ez hautetsirik, ordezkaritza instituzionalik eta kaleetan presentzia esanguratsurik ez duen alderdi baten aurka. Hala ere, nahiz eta KPP gaur egun ez den benetako mehatxu politiko bat Poloniako klase menderatzailearentzat, badirudi sigla jakin batzuk izate hutsak izua sortzen diola, ezin baitu onartu izen horrekin erregistratutako antolakunde baten existentzia administratibo soila ere.

Europako beste herrialde batzuetako urratsak jarraitzen ditu gobernuaren interbentzioak, non alderdi komunistak debekatuta dauden: Ukraina, Lituania, Letonia, Estonia, Eslovakia eta, berriki, Txekiar Errepublika. Herrialde batzuetan, propaganda komunista hutsa zigor penalerako arrazoi bat da. Alemanian, epaile sektore batzuek jada iradoki dute Karl Marxen ideiak "ordena demokratikoaren aurkakoak" direla, ateak irekiz orientazio marxistako antolakunde politikoen edo ikerketa-talde soilen aurkako kontrolari eta jazarpenari.

EZ DAGO IRUZKINIK