AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/14 13:32

Foam jaurtigaiak eta tiroak buru ingurura, Inauteri bete-betean. Argitara atera diren irudiek eta lekukotasunek argi azaldu dute zer gertatu zen igande gauean Tolosan (Gipuzkoa). Gau guztian izan zen Poliziaren presentzia handia herriko erdigunean, zenbait istilu aitzakiatzat hartuta. Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, polizia-indarrek "jarrera oldarkorrak" izan zituzten une oro, eta "tentsioa" sortu zuten kalean.

Goizaldeko 04:00ak aldera, Rondilla kalean geratu zen Ertzaintzaren furgoi bat. Lekukoen arabera, polizia-agente ugari atera ziren ibilgailutik eta kale osoa hartu zuten. "Jendearen eta polizia-indarren arteko tentsioa areagotu zen", jakinarazi dute Kontseilu Sozialistako kideek. Orduan, Beotibar kalera mugitu ziren ertzainak, eta han zeudenen kontra oldartu ziren gogor: kargak izan ziren. "Poliziak kale hori hartu baino lehen ez zegoen inolako istilurik bertan, eta egoera lasaia zen", seinalatu dute: "Are gehiago, beraiek izan ziren, probokazioz, egoera tenkatzearen erantzuleak".

Jendearen kontra kargatzean, modu basatian aritu zen Ertzaintza: argitaratu diren irudiek erakusten duten modura, foam jaurtigaiak erabili zituzten kalean zeuden pertsonen aurka. Gainea, zuzenean, "gorputzeko goi-ataletara" egin zuen tiro Poliziak, Kontseilu Sozialistak nabarmendu duenez. Horren ondorio larrienak jasan zituen 16 urteko gazte batek: larriki zauritu zuen Ertzaintzak, jaurtigai batekin begian jota eta zaurituta. Ospitaleratuta daukate oraindik.

Poliziaren jazarpena eta ustezko segurtasuna

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak manifestazio jendetsu bat egin zuen atzo arratsaldean, Tolosako kaleetan barrena, Jazarpen poliziala gelditu! lelopean. Mobilizazioaren bukaeran, antolatzaileek gogor salatu zuten Poliziaren igandeko interbentzioa, eta babes osoa eman zioten ertzainek zauritutako gazteari. Gogorarazi zuten, igande gauean, "etengabe errepikatu" zirela Ertzaintzaren "jarrera oldarkorrak", eta Polizia izan zela "istiluak eragin zituena".

"Gertakari horiek jai-giroan azken urteetan areagotzen ari den kontrol polizialaren eta gazteriaren kriminalizazioaren adierazle garbiak dira", adierazi zuten Kontseilu Sozialistako kideek. Ohartarazi zuten, gainera, "jendartean orokortzen" ari dela "polizia-indarrek kaleak hartzeko eta kontrol-mekanismoak ezartzeko joera", "segurtasuna" aitzakiatzat hartuta. Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak, hala, dei egin zuen "era guztietako polizia-indarkeriei aurre egitera eta askatasun politikoen alde antolatzera".

EZ DAGO IRUZKINIK