AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ezkerraldeko GKS
2021/11/21 15:48

Ostiral gauean, 02:30ak aldera, 18 urteko gazte bat jipoitu zuen Ertzaintzak Sonora diskotekaren (Erandio, Bizkaia) kanpoaldean. Bakarrik zihoala, bost ertzainek egin zioten eraso, "oso barregarria zara egiten ari zarenagatik" esan ostean: lurrera bota zuten —lurra jo zuen buruarekin—, eta Ertzaintzaren furgonetan sartu zuten gero. Kolpeak eta ostikoak eman zizkioten ibilgailu barruan, iletik tira egin zioten, eta behin eta berriz astindu zuten; bere arropa apurtu zuten hala.

Geratzeko esan zien gazteak, bere lagun batek sare sozialen bidez jakinarazi duenez. Ertzainen erantzuna, ordea, honakoa izan zen: "halaxe izan ohi da". Gaztea "kale erdian dardarka, hiperaireztatzen, gorputz osoan kolpeak zituela eta bakarrik" utzi zutela salatu du lagunak.

Erasoa zela-eta, protestara deitu zuen atzorako Ezkerraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak. Portugaleten (Bizkaia) izan zen elkarretaratzea, 21:00etan, udaletxe aurrean. Jazarpenaren aurrean klase elkartasuna aldarri hartuta, polizia-jazarpen kasua salatu zuten kontzentrazioan, eta elkartasuna adierazi zioten erasoa jasan duen gazteari.
EZ DAGO IRUZKINIK