AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / National Geographic
2023/09/14 09:21

Erregai fosilen "bukaeraren hasiera" heldu da, Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA, ingelesez) arabera. Aurretik ere jakinarazi zuen erregaien eskariaren gailurra ez dagoela urruti, baina epemuga bat jarri berri du: uste du petrolio, ikatz eta gas eskariak 2030. urtea baino lehen joko duela goia. Iragarpen horrek bat egin du Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE, ingelesez) argitaratutako datu berriekin: hornidura-defizita egunean hiru milioi barrilekoa da gaur-gaurkoz.

"Erregai fosilen aroaren amaieraren hasieraren lekuko izaten ari gara, eta hurrengo arorako prestatu behar dugu", esan du IEAko zuzendari Fatih Birolek. "Energia sektore tradizionalean tabu bat dago, eta tabu horrek eragotzi egiten du iradokitzea hiru erregai fosilen eskaria gainbehera etengabean sar daitekeela", gaineratu du: "IEAren proiekzio berrien arabera, hazkunde-aro itxuraz etengabe hau hamarkada honetan amaituko da, eta ondorio garrantzitsuak izango ditu munduko energia sektorean eta klima aldaketaren aurkako borrokan".

IEAk iritzi dio, hala, erregai fosilen kontsumoak behera egingo duela hamarkada honetan, energia berriztagarrien edota ibilgailu elektrikoen bultzadarekin. Erregaien eskariari dagokionez, 2023rako eta 2024rako egindako aurreikuspenak mantendu ditu, baina erregai fosilei lotutako proiektu handi berrien arriskuaz ohartarazi du: baztertutako aktibo bihurtzeko arriskua dagoela uste du.

Joan den apirilean, LPEEk IEA kritikatu zuen, petrolioari lotutako garapen-plan berrietan inbertitzeko nahia gelditzen eta apaltzen ari dela leporatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK