Zubietan (Nafarroa), pertsona bat bere etxetik botatzen saiatu da udala (Herriko Taldea da gobernuburu), Mendialdeko Etxebizitza Taldeak (META) jakinarazi duenez. Bizilagunak lau bat urte daramatza "herriarena den etxe batean (maestraren etxea)" alokairuan bizitzen, baina udalak handik bota nahi izan du berriki: pertsona hori salatzeko eta "epaitegietara eramateko prestutasun osoa izan du" gobernuak, METAren esanetan.
Kaleratua izateko arriskuan den bizilaguna 2021ean sartu zen maestraren etxea delakora, baina beste lagun bat ere bizi zen bertan, eta haren izenean zegoen alokairu-kontratua. Titularra zen maizter hori ez da etxean bizi gaur egun, eta, ordutik, udalak uko egin dio "aurreko kontratuaren baldintzak mantendu edo, orain arte egin den bezala, etxea enkante publikoan ateratzera". Horrek zuzenean jarri du arriskuan bigarren maizterra, etxegabetua izateko arriskuan jarri baitu udalak.
"Maestraren etxea betidanik izan da etxebizitza aukera on bat herrian, izan baliabide eskaseko pertsonentzat zein emantzipatu nahi duten gazteentzat", ekarri du gogora METAk. Orain, udalak aitzakiatzat hartu du eraikinaren ustezko "egoera prekarioa", bertan bizi den bizilaguna kanporatzen saiatzeko. "Orain arte ez dugu horrelako kezkarik ikusi, eta ikusi ditugunean ez da izan erreformatzeko asmoarekin, etxea husteko intentzioarekin baizik", seinalatu du Etxebizitza Taldeak. "Zer asmo ote dago maestraren etxearekin?", galdegin du.
Oroitarazi du, gainera, "Zubietan, eskualdeko gainontzeko herrietan bezala", handia dela ezintasuna "alokairu-eskaintzak aurkitzeko orduan". Eta azaldu du: "Etxeak egon badaude, bai; hutsik edo salgai. Negozioa egon badago, bai; inmobiliaria gehiago daude Donezteben, alokairuko etxebizitzak Mendialde osoan baino". Beraz, "etxebizitzaren egoera geroz eta larriagoa den honetan", METAk ezinbestekotzat jo du "barrideak babestea", eta horixe izan zuen aldarri, hain zuzen ere, aurreko larunbatean Zubietan egindako kontzentrazioan: Gure barrideak babestu hartu zuten lelotzat. Etxegabetze orori ezetz esan zioten protestan: "Etxegabetzeko modu asko daude, batzuk agerikoak, bertze batzuk isilpekoak. Horien guztien aurrean, erantzuten hasi behar dugu".