AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/01 15:01

Gaur, azaroaren 1ean, Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu dinamika aurkezteko prentsaurreko bat egin dute Ormaiztegin (Gipuzkoa) Deba Bailara eta Goierri eskualdeetako Kontseilu Sozialistek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da, hurrengo urte hasierarako, ibilgailuentzako ordainketa-sistema bat ezartzea Beasain (Gipuzkoa) eta Bergara (Gipuzkoa) lotzen dituen A-636 autobidean. Horren aurka abiatu dute dinamika berria bi eskualdeetako Kontseilu Sozialistek, eta lanketaren nondik norakoak azaldu dituzte gaurko agerraldian.

Langile klasearen bizitzaren garestitze progresibo eta orokorraren adierazpen modura kokatu dute ordainlekuen inposaketa. Izan ere, azken hilabeteetan oinarrizko zenbait produktu garestitu direla gogorarazi dute; tartean, argindarra, oinarrizko elikagaiak eta gasolina. Autobideko ordainketa-sistema berria, hala, adibide bat gehiago izango litzatekeela ohartarazi dute bi Kontseilu Sozialistek.

Erantzukizuna

Testuinguru horretan, erantzule zuzenak seinalatu dituzte: "Gutxienez, oligarkia internazionala, burgesia —espainiarra zein bertakoa— eta alderdi politiko guzti-guztiak". "PSOE eta Podemos alderdiek gobernu-erantzukizunak dituzte Espainiako Estatuan, EAJk EAEn dituen bezala. EAJ da, gainera, Beasain eta Bergara arteko bidesari berria jartzearen sustatzaile nagusia. Baina gobernu-ardurak ez dituzten gainontzeko alderdiak ere langile klasearen pobretze- eta miseria-areagotze prozesuan kolaboratzaile aktiboak eta zilegiztatzaileak direla ulertzen dugu. Horren adibide da, kasurako, Espainiako Kongresuan alderdi guztiek oligarkiaren interesera diseinatutako Europako Funtsen alde egin izana", gaineratu dute.

Borrokarako deia

"Burgesiaren ofentsibaren eta horren adierazpena den bidesari berriaren aurka egiteko modurik eraginkorrena eta konsekuenteena", hain zuzen, "antolakuntza komunista indartzea eta sozialismoaren alde egitea" dela aldarrikatu dute bi Kontseilu Sozialistetako kideek. Borrokara batzeko deia ere luzatu dute, "bizitzaren garestitzearen aurka egiteko, klase kontzientzia berpizteko, aldarri borrokalaria zabaltzeko eta antolakuntza gaitasunak handitzeko indarrak areagotzeko".

Jakinarazi dute, gainera, hainbat "protesta- eta kontzientziazio-ekimen" antolatu dituztela datozen hilabeteetarako, eta aurki emango dutela horien berri.

Prentsaurrekoa, bideoan jasota:


EZ DAGO IRUZKINIK