Iratxe Sorzabal Irungo (Gipuzkoa) preso politikoaren aurkako laugarren euroagindua aztertu zuen azaroan Parisko Dei Auzitegiak. Sorzabalek torturak salatu zituen 2001ean atxilotua izan ostean, eta haren defentsak aurkeztutako frogak onartuta, Parisko Dei Auzitegiak ebatzi du ezin dela baieztatu irundarrak deklarazioak torturapean egin ez zituenik. Hala, atzera bota du Espainiako Auzitegiak igorritako euroagindua, Sorzabalen aurkako laugarrena izango litzatekeena. Frantziako Estatuak, tortura kasu bat dela medio, euroagindu eskaera bat baztertzen duen lehenengo aldia da.
2023an aske
Sorzabal 2015ean atxilotu zuten, David Pla, Pantxoa Flores eta Ramon Sagarzazu ere barne hartzen zituen polizia-operazio batean. Baigorrin (Nafarroa Beherea) izan ziren atxiloketak, eta 2019an zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, "helburu terrorista duen talde bateko kide" izatea egotzita. 2023an amaituko du egun betetzen ari den espetxe zigorra.