Palestinaren askatasunaren alde, kanpaleku bat muntatu zuten atzo arratsaldean Donostiako (Gipuzkoa) Artzai Onean. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eman zuen ekimenaren berri: ehunka gazte bildu ziren kanpaldian, Israelgo Estatu sionista Palestinan egiten ari den sarraskia gaitzesteko, eta Europar Batasunak genozidioan duen erantzukizuna seinalatzeko.
Gaua bertan kanpatuta igaro dute gazteek, eta goizean jarraitu dute bertako ekimenekin: mahai-inguru bat eskaini dute Samidouneko Taher Alik eta Ikasle Abertzaleak antolakundeko kide batek. Palestinaren kolonizazioari buruzko hainbat gako historiko, Mendebaldeko zenbait erakunderen rola eta, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) duen erantzukizuna landu dituzte hitzaldian.
Eguerdian, berriz, Artzai Onean bertan agerraldi bat egin dute kanpaldian parte hartzen ari diren hainbat lagunek. Bertan salatu dute "urteetan luzatu den kolonizazio eta garbiketa etniko prozesu luze baten beste urrats bat" dela sionistek urrian hasitako erasoaldia, eta palestinarrekiko "elkartasuna eta salaketa" ez direla "nahikoa", "gertuen dauzkagun erantzuleak seinalatzen ez baditugu". Horregatik egin diote azpimarra berezia Europar Batasunak palestinarren kontrako sarraskian duen konplizitateari.
Europar Batasuna, erantzule zuzena
"Palestinarren genozidioa gauzatzea ezinezkoa litzateke Mendebaldeko herrialdeen eta, zehazki, Europar Batasunaren babes zuzenik gabe", azaldu dute gaurko agerraldian. Izan ere, argitu dute estatu sionista "Mendebaldearen aliatu estrategikoa" dela Ekialde Hurbilean: "Horregatik, Europako gobernuek, NATOren esanei jarraikiz, Israel armaz hornitzen dute, diplomatikoki sostengatzen dute eta berekin harreman komertzial estuak mantentzen dituzte, berau ekonomikoki bideragarri eginez".
Mendebaldeko agintaritzen eta alderdien hipokresia
Horregatik guztiagatik salatu dute "Mendebaldeko gobernu zein alderdi politikoen hipokresia": "Konponbide baten eta bakearen alde mintzo diren bitartean, Israelgo Estatu genozida hainbat modutan sostengatzen dute". Hala ere, nabarmendu dute "jendartean babes zabala" duela palestinar herriak, eta horren "jakitun" direla aipatutako agintaritza eta alderdiak.
Horretaz probestuta, ekainaren 9ko hauteskundeei begira, "Palestinaren aldeko keinu sinbolikoak" egiten ari dira horiek guztiak, prentsaurrekoan ohartarazi dutenez. "Keinu horiekin, alde batetik, palestinarren borrokaren aldeko mugimendua bozak irabazteko baliatu nahi dute, eta, beste alde batetik, sarraskian duten konplizitate zuzena ezkutatu", gazteen esanetan.
Hipokresia horren islatzat jo dute, esaterako, Espainiako Estatuko, Irlandako eta Norvegiako gobernuek "Palestinako Estatua onartu izana". "Onarpen formal horrek ez du palestinar herriaren egoera inolaz ere aldatuko, are gehiago, Israelgo Estatu genozida legitimatzeko balio du. Nola onar daiteke Palestinako Estatua, aldi berean, estatu hori bideraezin bihurtzen duen Israelgo Estatu genozida bultzatzen baldin bada?", galdegin dute.
"Europako herrialdeek eta alderdi politikoek benetan genozidio hau amaitu nahi badute, Israeli ematen dioten sostengua bertan behera utzi behar dute. Horrek, ordea, NATOren eta Europar Batasunaren agenda estrategikoarekin haustea eskatuko luke, eta jakin badakigu ez daudela horretarako prest", diote.
Babesa erresistentziari
Zentzu horretan, eta Euskal Herrian beste hamaika mobilizaziotan egin bezala, argi eta garbi esan dute Donostiako kanpaldian bildu diren lagunek: "Palestinar erresistentziari gure babesa adierazi nahi diogu, palestinarren benetako askatasuna Israelgo Estatu faxista eta kolonialaren suntsipenaren eskutik soilik etor daitekeelako". Hori dela-eta, jakinarazi dute borrokan jarraituko dutela "Mendebaldeko gobernuek eta enpresek entitate sionistarekin harremanak eten" ditzaten.
Mobilizazioa gaur arratsaldean
Kanpatuta segitzen dute ehunka pertsonak, eta azpimarratu egin dute "mobilizazio herritarrak biderkatzeko eta hainbat frontetatik presioa egiteko" beharra, sionisten aurkako neurriak har ditzaten. Adierazi dute Donostiako kanpaldia "ekarpen bat gehiago" dela "bide horretan", eta horren adibide direla "NATOren aurkako mobilizazioak eta Palestinaren alde Euskal Herrian egiten ari diren hamaika ekimen zein mobilizazioak" ere.
Kanpaldiari lotuta, protesta bat antolatu dute gaur arratsalderako: 19:00etan izango da, Artzai Onetik. Bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) biharko Donostian bertan antolatu duen mobilizazioan parte hartzera deitu dute gazteek: Europar Batasunaren eta NATOren kontra mobilizatuko dira, 19:00etan Bulebarretik hasita. Manifestazio horretara batzean emango diote amaiera atzo abiatutako kanpaldiari.