AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/16 10:49

Atzo, Israelgo Estatu terroristaren aurkako eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarriek hartu zuten Bilbo (Bizkaia). Euskal Selekzioaren eta Palestinakoaren lagunarteko futbol-partida zela-eta, aldarrikapen-eguna izan zen atzokoa. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko zaletuen harmailek, esaterako, hainbat ekimen antolatu zituzten elkarrekin: eraildako kirolari palestinarrak omendu zituzten eguerdian Arriagan, eta palestinar erresistentziaren aldeko kalejira bat egin zuten arratsaldean.

Eguerdiko 13:00ak igarota hasi zen omenaldia, eta ehunka pertsona bertaratu ziren Arriaga Plazara, eraildako palestinarrak oroitzeko asmoz. Ekitaldian parte hartu zuten Euskal Herriko hainbat kirolari ezagunek; hala nola Kerman Lejarraga eta Ibon Larrinaga boxeolariek, Maitane Melero atletak, eta Manu Garcia, Jagoba Beobide eta Mikel Gonzalez futbolariek.

Ekitaldian gogorarazi zutenez, 2023ko urritik hona, 1.300 kirolari palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo Estatuak. Horietatik 421 ziren futbolariak (103 adin txikikoak), eta 894 Olinpiar Kiroletako atletak. Gainera, sionistek etengabe egindako bonbardaketetan, 292 kirol-instalazio suntsitu dituzte Palestinan, horien %90 Gazako Zerrendan. 

Israel estatu terrorista

Arratsaldean, zaletuen harmailek Euskal Selekzioak jokatzen duenetan egin ohi duten kalejira izan zen, baina selekzioaren ofizialtasuna erreibindikatzeaz gain, aldarri gehigarri bati heldu zioten aurtengoan: palestinar erresistentziaren defentsa egin zuten, Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eskutik.

Iluntzeko 18:30ean irten zen kalejira Areatza ingurutik, eta jendetza bildu zen bertan, Israel estatu terrorista zioen olana erraldoiaren atzean. Hainbat iturrik azaldu dute 20.000 bat lagunek parte hartu zutela, eta lehen lerrora eraman zituzten Palestinako erresistentziaren aldeko mezuak. San Mames aurrean amaitu zen kalejira, ordubete inguruan. Mobilizazio horretara deitu zuten, hain zuzen ere, Indar Gorri, Bultzada, Iraultza, Herri Norte, Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Indar Armagina, Indar Hori Beltz, South Side Taldea eta Indar Baskoniak.

20:30ean hasi zen Euskal Selekzioaren eta Palestinaren partida estadioan, eta bertan ere hamaika aldarri entzun eta ikusi ziren etengabe, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eta Palestinaren askatasuna eskatuz besteak beste. 51.000 pertsona baino gehiago bildu ziren San Mamesen.

EZ DAGO IRUZKINIK