AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/01/14 20:37

Azaroaren 12an onartu zuen Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi preso politikoaren zigor etete eskaera. Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, baina, eta atzo aztertu zuten berriro auzia. Fernandez Iradiren abokatuak azaldu duenez, otsailaren 27an jakinaraziko dute epaia. Atzoko saioan, beste mediku azterketa bat egiteko eskatu zuen fiskaltzak; presoa azterketa bat egitera behartzen duten bosgarren aldia izango da.

Larriki gaixorik dago Fernandez Iradi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971); esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2012. urtean. Lanemezango (Okzitania) espetxean dute preso, eta hamasei urte daramatza giltzapean.

Duela bost urte hasi zuen, pairatzen duen gaitz larria zela-eta, haren aurkako kartzela zigorra eteteko borroka. Hainbat bide judizial jorratu baditu ere, momentuz, ezezkoak eta prozesuen luzaketak izan dira justizia administrazioaren erantzunak, urriaren amaierako ebazpenaren atzeratzea kasu. Senideen esanetan, "hainbat argudio tekniko" erabili izan dituzte Fernandez Iradiren aurka, "etsipena eragin asmoz".