AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/09 10:45

Aurreko urtean izan zen Gaztetxeak Bertsotan ekimenaren lehenengo edizioa, eta arrakastatsua izan zen oso. Martxoan hasita, bertso-sariketak Itsasu (Lapurdi), Hernani (Gipuzkoa), Mutriku (Gipuzkoa), Altsasu (Nafarroa), Bilboko (Bizkaia) 7Katu eta Gasteizko (Araba) Gaztetxeak zeharkatu zituen, lekuan lekuko gazte-asanbladen eskutik; eta Gernikako (Bizkaia) Gaztetxe berrian biribildu zuten edizioa maiatzaren 3an, egun osoko egitarau batekin. Gaztetxeak Bertsotan ez zen horretan geratu, ordea: bigarren edizio bat egingo dute aurten.

Datorren otsailean izango dira lehen kanporaketak. Otsailaren 6an jarri dute aurreneko hitzordua Hiltegixe Gaztetxean, Berrizen (Bizkaia), eta 7an izango da bigarren kanporaketa, Beasaingo (Gipuzkoa) Gaztetxean. Otsailaren 20an Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) Gaztetxean egingo dute hirugarren saioa, eta hurrengo egunean, 21ean, Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Maiatzak 1 Gaztetxe berrian jokatuko dute laugarren kanporaketa. Laster jakinaraziko dute zein bertsolari gazte arituko den saio bakoitzean.

Gaztetxeak Bertsotan-en antolatzaileek iaz jakinarazi zuten Gaztetxeei "bultzada ematea" dutela helburu, "are, egun bizitzen ari diren erasoaldian". Izan ere, "Gaztetxeen inguruan dabiltzan belaunaldi berriak bertsozaletzea edo bertsoarekiko gertutasuna sentiaraztea" bilatzen dute; baina baita "bertsozalea den edo bertso-munduan dabilen jendeak Gaztetxeekiko eta politikarekiko gertutasuna sentitzea" ere. Beraz, "gazteentzako zirkuitu bat sortzen" saiatu dira, "festa-giroko saio eroso eta dibertigarriak" eskainiz, eta, "aldi berean, gazteon kezkekin lotutako ahots kritiko eta politizatuei ere tokia emanez". 

EZ DAGO IRUZKINIK