Martxoan eta apirilean zehar egin dute Gaztetxeak Bertsotan bertso-sariketa, Euskal Herriko hainbat Gaztetxetako asanbladekin elkarlanean. Sei saioren ostean, aurreko larunbatean, maiatzaren 3an, finala izan zen Gernikako (Bizkaia) Gaztetxe berrian. Egurre Gazte Asanbladarekin batera, egun osoko egitarau bat antolatu zuten finalaren bueltan: bertso-poteoa, bazkaria, umore-ikuskizuna eta kontzertua, hain zuzen ere.
Gaztetxeak Bertsotan-en finala 19:00etan hasi zen, eta sailkatutako hiru bikoteak aritu ziren kantuan: Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua, June Aiestaran eta Maddi Aiestaran, eta Gorka Pagonabarraga eta Ekhi Zuluaga. Publikoak erabaki zuen zein bikote izan den sariketako irabazle nagusia: Aroa eta Unax. Gorkak eta Ekhik Egurre Gazte Asanbladaren saria jaso zuten, "egur gehien eman zuen bikotearen saria", eta antolakuntzaren saria, berriz Junek eta Maddik.
Otsailean atera zen argitara Gaztetxeak Bertsotan ekimena, eta antolatzaileek azaldu izan dutenez, "Gaztetxeen inguruan dabiltzan belaunaldi berriak bertsozaletzea edo bertsoarekiko gertutasuna sentiaraztea" bilatzen dute, baina baita "bertsozalea den edo bertso-munduan dabilen jendeak Gaztetxeekiko eta politikarekiko gertutasuna sentitzea" ere. Horri lotuta, sariketak "bultzada eman" nahi izan die Gaztetxeei, "are, egun bizitzen ari diren erasoaldian".