AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Protesta atzo, Sukiaren egoitza nagusian.
2023/11/29 08:35

Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistaren kontrako prozedura judizialaren barruan, ostiral honetan izango da bista bat hiriburuko epaitegian. Horren ostean ebatziko du epaileak zer gertatuko den Zentro Sozialistan: ea hura berehala hustea aginduko duen, aurretiko epaiketarik gabe, edo epaiketa bat ezarri eta bertan erabakiko duten espazioa hustea aginduko ote duten.

Ostiraleko bista dela-eta, desalojoaren kontra eta Zentro Sozialisten defentsan, protesta bat antolatu dute Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak eta Donostiako Kontseilu Sozialistak. Hiriko epaitegira bertaratzera deitu dute, hain zuzen, 09:30erako.

Apirilean eman zuten argitara Gipuzkoako hiriburuko Zentro Sozialista, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak eta Donostiako Kontseilu Sozialistak aurreko astean jakinarazi zuten huste arriskuan dagoela Egia auzoan kokatutako Zentroa.

Elkartasuna Zentro Sozialisten defentsan

Atzo ere egin zuten protesta bat Zentro Sozialistaren hustearen aurka. Sukia enpresaren egoitza nagusian batu ziren, Donostian bertan, Espekulatzaileen aurrean, Zentro Sozialistak defendatu lelopean. Enpresako zuzendaritzari hainbat exijentzia helarazten saiatu ziren hainbat kide, Zentroaren kontrako salaketa eta desalojo prozedura bertan behera utz ditzan eskatzeko, baina Poliziak indarrez itxi zuen egoitzako sarrera.

Azken egunetan, bestalde, Sukiaren hainbat egoitza eta propaganda-taula markatu dituzte Euskal Herrian, Zentro Sozialistaren hustearen kontrako protesta modura. "Sukiak desalojatu egiten du", "Zentro Sozialistak aurrera" eta "Donostiako Zentro Sozialista defendatu" mezuak irakur daitezke han-hemen.

EZ DAGO IRUZKINIK