Ostiral gauean ere hainbat gazteren aurka jo zuen Ertzaintzak Urretxu-Zumarragan

Parke estali batean zeuden gazteei gomazko pilota bidez eraso zien Ertzaintzak. Hainbat kale hartu zituzten gero poliziek, eta karga gehiago izan ziren. Zenbait lagun zauritu zituzten, eta pertsona bat jipoitu eta atxilotu zuten.
Argazki Nagusia
Ertzaintza Tolosaldean, aurreko asteburuan. Argazkia: Tolosaldeko GKS
2021eko irailaren 19a

Joan den ostiral gauean Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa) oldartu zen Ertzaintza. Hainbat gazte zeuden Kalebarren kaleko parke estalian, eta ertzainek haien kontra jo zuten gomazko pilotak erabilita.

Herriko hainbat kale hartu zituzten gero, eta karga gehiago izan ziren. Pilotak baliatu zituzten berriro, eta hainbat gazte zauritu zituzten. Pertsona bat atxiki zuten gainera; jipoitu eta atxilo eraman zuten.

Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak azaldu duenez, azken hilabeteetan hainbatetan gertatu da herrian "poliziak gauean kaleak hartzea eta pilotakadaka eta kargatzen aritzea". Uztailean beste lagun bat atxilotu zutela gogorarazi du.

"Poliziaren oldarkeriak ez dio osasun-neurrien betebeharrari erantzuten, bizi dugun krisi testuinguruan proletalgoaren prozesu diziplinatzaileari baizik", azpimarratu dute GKSko kideek: "Gazte langileon kriminalizazioa eta eskubide zibil eta politikoen urraketak nabarmen areagotu dira".


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik