Agerraldi bat egin zuten atzo Abadiñoko (Bizkaia) Xirimiri tabernako beharginek, Durangaldeko Laneko Autodefentsa Sarearekin (LAS) batera: euren egoeraren berri emateaz gain, ostalaritzako langileek jasaten dituzten "miseriazko baldintzak eta gehiegikeriak" salatu zituzten.
Xirimirin lanean hasi zirenetik, egoera "sostengaezina" izan da haientzat, eta arrazoietako batzuk zerrendatu dituzte: "Ez zizkiguten nominak ordaintzen. Batzuek hiru hilabete baino gehiago eman ditugu gure soldata jaso gabe. Eta nagusiekin hitz egin denean, erantzun digute haiek ez direla Gobernuz Kanpoko Erakunde bat. Ez zizkiguten ordu estrak ordaintzen. 24 orduko prestutasuna eskatu digute, eta ez dugu lan-egutegirik izan. Ez zegokizkigun funtzioak egiteko eskatu digute".
Kaleratzeak eta itxiera, langileak antolatu ostean
Xirimiriko jabeek etengabe umiliatu eta mehatxatu dituzte langileak. Joan den ekainean sekzio sindikal bat sortu zuten beharginek, eta, horren ostean, plantilla kaleratu eta lanpostua eta soldata kendu zizkieten nagusiek. Orain esan diete itxi egingo dutela taberna, nahiz eta beste hainbat enpresa ere badituzten jabetzan nagusi berdinek.
Jabeek ez diete beharginei ordaindu nahi
Taberna zarratuta ere, jarrera erasokor bera mantentzen dute jabeek. Izan ere, ez diete lehengo langileei zor dietena ordaindu nahi: 20.000 euro baino gehiago zor dizkiete, guztira. Egoera horretan erabaki dute beharginek Durangaldeko LASen antolatzea, "borrokatzea besterik ez zaigulako geratzen".
Ostalaritzako baldintzak jopuntuan
Xirimirin jasan dituztenak bezalako lan-baldintzak "eguneroko ogia dira ostalaritzan lan egiten dugunontzat", langileen esanetan: "Nominak ez ordaintzea, zehaztu gabeko ordutegi eta egutegiak, ez dagozkigun lanak egin behar izatea; baina baita kontraturik gabeko lanak, atsedenik eza edo kameren bitartez zelatatuak izatea ere".
Eta, hori guztia, "enpresari gutxi batzuek poltsikoak bete ditzaten" pairatu behar izaten dute. "Kapitalista handi zein txikiez ari gara, euren irabaziak langileon zapalkuntzan oinarritzen dituzten horiez", zehaztu dute.
"Orain, enpresaren itxierarekin, argi ikusten da: haien irabaziak bermatzeko ez bada, langileon bizitzak bost axola zaizkie. Horrela, egun batetik bestera, langileak kalean gelditu dira lanik gabe", gaineratu du LASek. Hortaz, beharrezkotzat jo du "jabeen inpunitateari aurre egitea; bakarka sufritu ordez, antolaturik erantzunez".