AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bilbo.
2021/12/10 21:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere aurreko asteburuan sartu zen indarrean Covid ziurtagiria; gaur-gaurkoz, Covid pasaportea derrigorrezkoa da hainbat ostalaritza lokaletara sartzeko edo zenbait ekitalditara bertaratu ahal izateko, eta Eusko Jaurlaritzak eremu gehiagotara zabaldu nahi du ziurtagiriaren derrigortasuna. Hala, neurri berria dela-eta, protestara deitu zuen Gazte Koordinadora Sozialistak. Gaur iluntzean izan dira kontzentrazioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan; hain justu, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Sabin Etxearen aurrean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, hurrenez hurren.

Covid ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin lelopean batu dira mobilizazioetara mila pertsona baino gehiago. Ozen entzun dira, besteak beste, "Ez da osasuna, kontrol soziala da", "Covid pasea kontrol soziala da" edota "Diktadura burgesari aurre egin" oihuak.

"Osasun neurri bat baino gehiago, kontrol soziala handitzen duen neurri bat da Covid ziurtagiria", salatu du GKSk: "Erabat normalizatu da koronabirusaren hedapenari salbuespen politiken bitartez erantzutea, eta badirudi birusari aurre egiteko modu bakarra eskubideen urraketak eta kontrol sozialaren handitzea direla".

"Koronabirusaren gaineko burgesiaren kudeaketa" jarri dute jopuntuan, eta hiru ideia nagusiri egin diete azpimarra: ziurtagiriaren derrigortasunak "farmazeutiken eta enpresari handien interesei erantzuten" diela, "kontrol sozialerako bitarteko bat" gehiago dela, eta ez duela "osasun arazoaren aterabide errealik" mahaigaineratzen.

Kontrol mekanismoak etengabe garatzen eta areagotzen ari diren honetan, "osasungintza sistema indartsu eta unibertsal baten beharra eztabaida publikotik guztiz kanpo geratu" dela ere azaldu dute GKSko kideek. "Egungo gizarte kapitalistan" osasunaren auzia "lehen mailako arazo" bat dela diote, baina horri ezingo zaiola inola ere "aterabide integral eta errealik eman osasun politika burgesen bitartez".

Irakurri hemen GKSk Covid ziurtagiriaren harira egindako adierazpen guztiak

EZ DAGO IRUZKINIK