AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / TV Azteca
2023/05/15 11:52

Ukrainari laguntza militarra ematen jarraituko duela iragarri du asteburuan Alemaniak. 2.700 milioi euroko balioa duen baliabide-sorta bat ahalbidetuko dio oraingoan; besteak beste, aireko defentsarako sistemak, borrokarako ibilgailu blindatuak eta artilleria. Zehazki, eta adibide modura, gurpildun hemezortzi obus, gidatutako misilak, IRIS-T SLS motako hamabi jaurtigailu, 30 Leopard tanke, 200 drone eta 100 ibilgailu blindatu aipatzen dira Alemaniako Defentsa Ministerioaren azken adierazpenean.

"Ahal duen laguntza guztia emango du Alemaniak, eta beharrezkoa den denbora guztian", esan du Boris Pistorius Defentsa ministroak. Laguntza-pakete berriak barne hartzen duen materiala Alemaniako industria-erreserbetatik eratorritakoa da, eta laguntza bideratuta eta martxan dago jada.

Iazko otsailean Ukrainako gerrak eztanda egin zuenetik, Alemaniako autoritateek Ukrainari emandako laguntzarik handiena izango litzateke honakoa. Aurretik, gutxienez 2.750 milioi euroko laguntzak eman dizkio guztira Alemaniak.

Volodimir Zelenski Ukrainan izan da berriki, eta, besteak beste, Olaf Scholtz Alemaniako kantzilerrarekin elkartu da. Laguntza militar berria Alemaniaren babesaren sinbolo dela azaldu dute Alemaniako autoritateek.

Europar Batasuneko arduradun diplomatiko nagusiak, Josep Borrellek, Ukrainari laguntza gehiago ematera deitu du, eta laguntza hori "bizkortu" behar dela ere iritzi dio.

EZ DAGO IRUZKINIK