AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Pais
2020/09/11 09:46

Aste honetan jakinarazi dute hainbat hedabidek okupazioaren aurkako instrukzio bat duela esku artean Espainiako Fiskaltza Nagusiak. Dolores Delgado fiskal nagusiak eman du asmo horren berri: irailaren 7an adierazi zuen aurki emango duela instrukzio bat fiskal guztientzat, okupazioaren gaia landu dezaten (zehazki, "bizilekuen okupazioa"). Delgadoren esanetan, "ekintza zehatza" behar duen "delitu-fenomenoa" da okupazioa, eta instrukzio berriaren helburuak lirateke "segurtasun juridikoa eskaintzea" eta "sortzen diren kasuen aurrean zalantzak argitzea".

"Okupazioaren aurkako kanpaina politiko, juridiko eta mediatikoak aurrera darrai. Oraingoan, arlo juridikotik. Espainiako Estatuko fiskal nagusiak urte honetan okupazioaren aurkako neurriak hartzeko eta legeak gogortzeko borondatea adierazi du", salatu du Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak.

BALIABIDEAK

Justizia ministro ohia da Delgado, eta urte judizialaren irekiera ekitaldian azpimarratu zuen Fiskaltza Nagusiak "herritarren premiak" izan behar dituela aintzat "etorkizunari" begiratzean. "Norbanakoen etxebizitzen okupazioa" aipatu zuen horren adibidetzat, eta iritzi dio "delitu" batzuek "herritarren premiekin bat datorren ekintza espezifikoa" behar dutela. Dena den, Delgadok adierazi du, egun ere, okupazioei aurre egiteko baliabiderik ez dela falta legedian.

EFE agentziaren arabera, Espainiako Estatuan, iaz 14.621 izan ziren salatutako okupazio kasuak. Fiskaltzak 2019ari buruz egindako memorian jasotzen denez, okupazioek "apur bat" egin zuten behera aurreko urtean. El Pais-ek dio hori "lurralde-fiskaltza batzuen jarduera bereziki kementsuagatik" izan dela, "berehala eman diotelako estaldura" indar polizialen jardunari, okupatutako etxebizitzak "hustu behar zirela uste zuten kasuetan". "Kasu batzuetan epailearen agindurik gabe jardun zen", gaineratu du egunkariak.