Espainiako Poliziak hamar faxista atxilotu zituen aurreko igandean, Madrilen, istiluak eragin zituztelako Martxoaren 8ko manifestazio feminista batean. M8 Batzordeak antolatu zuen mobilizazio jendetsu hori. Nucleo Nacional talde neonaziaren arabera, atxilotuak bere militante guztiak dira; Espainiako Poliziak hamar atxiloketa baieztatu ditu desordena publikoengatik, eta horietako bati agintaritzari eraso egitea ere egotzi dio, Madrilgo Buruzagitza Nagusiko iturrien arabera. Mobilizazioaren ibilbideko hainbat zatitan sartu ziren oldarka faxistak, eta taldeak berak X-n zabaldu zuen euren militanteen artean Isabel Peralta zegoela, immigrazioaren aurkako gorroto-diskurtsoagatik kondenatua.
Nucleo Nacionaleko kideek lelo arrazista bat zuen pankarta bat zeramaten, manifestazioari boikot egiteko. Milaka pertsona zeuden bertan, matxismo estrukturalaren, faxismoaren gorakadaren eta Estatu Batuek eta Israelek Iranen hasitako gerraren aurkako mobilizazioan.
Nucleo Nacional da Espainiako Estatuko agertoki faxistako talderik aktiboena azken aldian. 2023an Ferrazen izandako protestetan eta bere kideen aurkako epaiketetan nabarmendu zen, nahiz eta duela gutxi Asturiasen, Burgosen eta Bartzelonan egin dituen arrakastarik gabeko hainbat ekitaldi. Neurri handi batean, parte-hartzaile faltagatik edo deialdi antifaxista paraleloengatik egin dute porrot ekitaldiek, eta agerian utzi dute mobilizazio eta antolaketa antifaxistak eragina duela talde neonazien aurka.
Aurpegia estalirik zuten hainbat kidek aurkeztu zuten erakunde faxista 2024ko apirilaren 14an, Madrilen egindako ekitaldi batean. Ondoren, bulegoen alokairua hilean 4.000 eurotik gorakoa den gune batean kokatu zuten beren egoitza. Aurkari politikoek "susmagarritzat" jo dute hori, eta Nucleo Nacional benetan nork finantzatzen duen galdegiten dute.