AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/31 09:02

Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, eskualde horretan, egunean 100.000 euroko irabazi garbiak lortzen dituzte energia-enpresek. "Proletalgoak bizi-bitartekorik oinarrizkoenak ere ez ditu bermatuta kapitalismoan, eta energiaren prezioen gorakadak langile-familia askorentzat zama ikaragarria ekarri du", seinalatu du.

Jakinarazi du, gainera, oraintsu argindarra edota gas-hornidura eten dietela Buruntzaldeko dozenaka familiari. "Energia-hornidurarik gabe utzi dituzte".

Gertatutakoa gogor salatzeaz gain eta, kanpaina baten bidez, "guztiontzat energiarako sarbidea" aldarrikatzeaz gain, zenbait ekimen antolatu ditu Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak. Hotzari aurre egin ahal izateko materiala bildu du Andoaingo (Gipuzkoa) Igara espazioan eta Hernaniko (Gipuzkoa) Sagastiberrin; hala nola, mantak eta neguko arropa. Gaur, hilaren 31n, materiala jaso ahal izango dute beharra duten pertsonek; Igaran (Eskola kalea, 4) bertan, 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Bestalde, argindarraren eta gasaren fakturak irakurtzen ikasteko saio bat antolatu dute. Energia-enpresen iruzurrei aurre egin ahal izateko oinarrizko ezagutza bat emango dute Etxebizitza Sindikatuko kideek, baita zenbait aholku ere. Otsailaren 7an izango da tailerra, Igaran, 18:00etan. Otsailaren 14an, berriz, aholkularitza bulego bat edukiko dute martxan Andoaingo espazio berdinean, energia-hornidurekin arazoak dituzten pertsonei aholkuak eta babesa eman ahal izateko. 17:30etatik 19:00etara bitartean egongo da zabalik bulegoa.

EZ DAGO IRUZKINIK