AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Onda Vasca
2024/12/23 18:33

PSOEren Nafarroako filialak, PSNk, abenduaren 19an iragarri zuen baikortasunez: "Nafarroako seigarren aurrekontuak onartuta". "Nafarroarentzat egun handia da gaur. Elkarrizketak, akordioak eta gehiengo sozialak irabazi du", gaineratu zuen gobernuko alderdiak, 2025eko plangintzari dagokionez. Politika instituzionalean aski ezaguna den erretorikarekin, PSNko kideek nabarmendu dute hurrengo urtean "gastu sozialera" bideratuko dutela diruaren %55.

6.431,3 milioi euroko plangintza bat onartu dute hurrengo urterako, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien aldeko botoekin. EH Bilduk ere bat egin du proposamenarekin eta bide egin dio, abstentziora jota. Kontra bozkatu dute, ordea, UPN, PPN eta Voxek. PSNko Maria Chivite Nafarroako presidente denetik onartu dituzten seigarren eta agintaldiko bigarren aurrekontuak dira honakoak. Guzti-guztiak ahalbidetu ditu EH Bilduk: 2025eko plangintza ere EH Bildurekin adostu du PSNk, elkarlana beste urte batez berrituz.

Hala adierazi du EH Bilduko Laura Aznalek: "Beste urte batez, ezberdinen arteko akordioa lortu dugu". "Hauek ez dira gure aurrekontuak, [...] baina uste dugu tresnak eman dizkiogula gobernuari politika ausartagoak garatzeko", azaldu du. Aznalek iritzi dio, gainera, bere alderdiaren kolaborazioa "tresna erabilgarri eta eraginkor bat" izaten ari dela "zerbitzu publikoen indartzean aurrera egiten jarraitzeko".

Azken hamar urteetako "egonkortasuna" aldarrikatu du Geroa Baik, eta Pablo Azconak baieztatu du bere alderdia "pieza gako bat" izan dela ustezko egonkortasun hori bermatzeko. Contigo-Zurekineko Miguel Garridok, bestalde, nabarmendu du 2025eko aurrekontuek "eredu berri bat" proposatzen dutela osasungintzari edo etxebizitzari dagokienez.

Aurrekontuak aurrera lurraldez lurralde

Hego Euskal Herriko gainerako erakundeetan ere ari dira hurrengo urterako aurrekontuak adosten eta onartzen, nahiz eta alderdi batzuek bakoitzean modu desberdinean jokatu. Bizkaiko eta Arabako foru-aldundietan, euren plangintzak ontzat ematea lortu dute PSE-EEk eta EAJk, EH Bilduk baimenduta. Gipuzkoako Diputazioan, berriz, EAJ, PSE-EE eta PP elkartu dira, eta aurka bozkatu dute EH Bilduk zein Podemosek. Eusko Legebiltzarrean jeltzaleen eta PSE-EEren aldeko botoekin egin dute aurrera aurrekontuek, eta ezetz bozkatu dute EH Bildu, Sumar, PP nahiz Voxek.

EZ DAGO IRUZKINIK