AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/13 08:14

Altsasuko (Nafarroa) Gaztetxeak atzo eman zuen Nafarroako Gobernuak eta Guardia Zibilak egindako azken erasoaren berri. Gaztetxean izandako musika-emanaldi batzuen harira, Guardia Zibilak 42.000 euroko isuna ezarri dio Altsasuko Udalari, eta Nafarroako Gobernuak "ardura zuzena dauka" horretan, "isunak tramitatu eta alegazioa ezeztatu" baitu, Altsasuko Gazte Asanbladak azaldu duenez. Salatu du, zigor ekonomikoen bidez, udala "bitarkari gisa" erabili nahi dutela, Gaztetxeari erasotzeko.

Asanbladaren esanetan, "ez da indar errepresiboek Gaztetxea erasotzen duten lehenengo aldia": gogora ekarri dute 2010ean tximiniak su hartu zuela eta horren aitzakiapean espazioa desalojatzen saiatu zirela, eta mehatxu zuzenak egin izan dizkietela hainbatetan, Gaztetxea hustuko dutela esanez. Hala ere, azken erasoaren harira, helburua seinalatu dute asanbladako kideek: "Nafarroako Gobernuarentzat eta Guardia Zibilarentzat arazoa ez dira kontzertuak, baizik eta gure herrian Gaztetxe eta asanblada bat izatea, benetan zapuztu nahi dutena horrek betetzen duen funtzioa delako. Gaztetxea eta asanblada ezinegon politiko, sozial eta kulturalei erantzuteko tresnak dira, gazte langileon proiektuak aurrera eramateko espazioak".

1990etik martxan

Altsasuko Gaztetxea 1990etik dago martxan. Asanbladak urte horretan okupatu zuen bere garaian erietxea izandakoa, "eta geroztik herria hauspotzen jarraitu dugu", bertako kideek aldarrikatu dutenez: "Haurrentzako ikuskizunetatik hasita, presoen aldeko eta AHTaren aurkako borrokarekin jarraituz, hitzaldi, tailer, kontzertu, ikuskizun, Gaztewood, Altsasu Xtreme eta abar luze bat eskaini dizkiogu herriari".

Antolakuntzaren eta okupazioaren aurkako erasoak

Gazteek nabarmendu dute, "Gaztetxeengatik ez balitz", ez litzatekela "baliabiderik izango gure interesen araberako kultura eta sormena garatzeko". Horregatik salatu dituzte Euskal Herri osoko Gaztetxeek jasaten dituzten erasoak eta "antolakuntzaren eta okupazioaren kontrako ofentsiba orokorra", azken urteetako hainbat kasuren inguruan ohartaraziz: hala nola, Bilboko (Bizkaia) Etxarri II eta Irungo (Gipuzkoa) Mosku Gaztetxeen desalojoak.

"Orain dela 35 urte egin zuten bezala, gaur ere, okupazioaren hautua berresten dugu. Logika kapitalistaren aurka egiten duelako eta gazte langileoi espazioaren gaineko kontrola ematen digulako", gaineratu dute Altsasutik: "Proiektu hau klase-kontzientzia zabaltzeko tresna izanik, sua piztuko duen txinparta izan daitekeela argi dugu. Oztopo guztiak gainditzeko borrokan jarraituko dugu, gizarte justu baten aldeko konpromezu irmoa berretsiz".

EZ DAGO IRUZKINIK