AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/04/21 15:46

Lazkaon (Gipuzkoa) ere txosna bat jartzea galarazi diote Mugimendu Sozialistari, Ezker Abertzalearen ekimenez, eta Lazkaoko Udalaren onarpenarekin eta gauzatzearekin. Aurki hasiko dira jaiak Lazkaon, eta egitarau bat prestatu zuten elkarrekin Goierriko Kontseilu Sozialistak, Ikasle Abertzaleakek eta Itaiak. Mugimendu Sozialistako kideek gaur goizean ekin diote egitarau horri aterpea emango zion karpa muntatzeari, baina ez dute lortu: Lazkaoko Udalaren mehatxuak tarteko, muntaketa-lanak baztertu behar izan dituzte.

Udalak txosnak jartzeko baimendutako espazio osoa beteta zegoen gaur goizerako, dena hartzen baitu Lazkaoko Txosna Batzordeak muntatutako karpak. Mugimendu Sozialistak, beraz, Txosna Batzordeak jarritako karparen ondoan hasi behar izan du bere karpa muntatzen, hutsik zegoen gune batean.

Udaleko ordezkariak eta udaltzainak bertaratu dira orduan, eta mehatxu egin diete muntaketa-lanei ekitera zihoazen kideei, babesa ematera joan direnei eta karpa lortzeko kontratatutako enpresako langileei. Hain zuzen, Ertzaintzak esku hartuko zuela eta salaketa bat jarriko zietela esanez mehatxatu dituzte.

Modu horretan lortu dute enpresak bertan behera uztea Mugimendu Sozialistarekin sinatutako kontratua, eta ezin izan dute jaietarako gunerik muntatu; txosnak jartzeko baimendutako espazio osoa hartuta zeukan Txosna Batzordeak, eta udalak ez dio utzi Mugimendu Sozialistari hortik kanpo gunerik egokitzen.

Beto politikoa

Goierriko Kontseilu Sozialistak, Ikasle Abertzaleakek eta Itaiak, hortaz, salatu dute "Ezker Abertzaleak jarritako beto politikoa onartu" duela Lazkaoko Udalak. Azpimarratu du, dena den, Ezker Abertzalearen ekimenez ezarri zaiola txosna jartzeko debekua Mugimendu Sozialistari. "Bere indar posizioa baliatuta eta Txosna Batzordea erabiliz, Mugimendu Sozialista ekonomikoki itotzen eta sozialki baztertzen" saiatu dela zehaztu dute.

"Horixe izan da hasieratik gatazka honen gakoa: Mugimendu Sozialistak instituzio publikoena edo antzeko finantziaziorik ez duenez, aurrera egiteko, beharrezkoak ditu jaietako txosnak eta antzeko diru-iturriak. Lazkaon eta beste hainbat lekutan ikusi denez, Ezker Abertzaleak sistematikoki mugimendu politiko hau ekonomikoki itotzen saiatzeko hautua egin du", salatu dute.

Goierriko Mugimendu Sozialistak martxoaren 31n eman zuen Lazkaon jasandako beto politikoaren berri —ikusi hemen Goierriko Kontseilu Sozialistak, Ikasle Abertzaleakek eta Itaiak argitaratutako adierazpena—.

Gasteizen (Araba) ere txosnak jartzeko aukera kendu die Txosna Batzordeak Gazte Koordinadora Sozialistari eta Etxebizitza Sindikatuari, arrazoi ideologiko eta politikoak direla-eta.

Mobilizazioa bihar

Lazkaon jasandako beto politikoa eta udalaren jarrera salatzeko protesta batera deitu dute biharko, apirilaren 22rako. 18:00etan izango da kontzentrazioa, Lazkaoko udaletxe aurrean.

EZ DAGO IRUZKINIK