AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/01 09:11

Izugarriak eta sinestezinak dira, beste behin ere, Palestinatik heldutako irudiak. Osasun-langileen eta arabiar emakumeen gisan jantzi dira entitate sionistako hamar soldadu inguru, eta horrela lortu dute Zisjordaniako Jeningo ospitale batera sartzea; Ibn Sina izenekora, hain zuzen ere. Erietxeko bideokamera batek hartutako irudiak eman dituzte argitara.

Behin ospitale barruan egonda, lekukoen arabera, hainbat paziente zeuden gela batera sartu eta tiro egin dute euren kontra militar sionistek: zaurituta zeuden hiru palestinar (hainbat komunikabideren arabera, milizianoak omen zirenak) erail dituzte. Isilgailudun eraso-fusilak erabili dituzte, itxura denez. Erailketez gain, ospitaleko langileei ere eraso diete soldaduek.

Urriaren 7an palestinar erresistentziak Gazan kontraerasora jo zuenetik, Zisjordanian ere gora egin dute entitate sionistak palestinarren kontra egindako erasoek. Zisjordaniako palestinarrak sistematikoki exekutatzen eta masiboki atxilotzen jarraitzen dute militar israeldarrek, baita, besteak beste, errepideak eta bestelako beharrezko azpiegiturak suntsitzen ere.

Laster beteko dira lau hilabete Israelgo entitate sionistak erabateko setioari ekin zionetik Gazako Zerrendan, eta beldurgarriak dira orain arte argitaratutako datuak: urriaren 7tik hona, ia 27.000 palestinar erail dituzte Gazan.

EZ DAGO IRUZKINIK